Donostiako 59. Zinemaldia. Analisia

Ezustekoa, baina urteroko kontua

Gontzal Agote.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Ezustekoa da, dudarik gabe, sari nagusia Los pasos dobles filmak eskuratzea. Isaki Lacuestari onartu behar zaio film hau egiteko hartu duen arriskua eta izan duen ausardia, batetik, Afrikan filmatu duelako, eta bestetik, filmak duen egitura berarengatik. Abenturazko film bat egin du, ia spaghetti western bat Malin. Oso apustu ausarta egin du. Horretan iaioa da Lacuesta, bere zinemagintza ez delako ohikoa. Estetikoki ere film ederra egin du, Afrikako paisaiak eta jendeak lagundurik, baina nire ustez gehiegizkoa da sari nagusia jaso izana. Filmaren asmoa ikus liteke, hariak ikusten dira, baina nire ustez ez du lortzen borobiltzerik; ni ez naiz izan kapaz klabe guztiak harrapatzeko bederen. Pentsatzen dut hori oso loturik egongo dela Afrikako kulturaz bakoitzak duen ezagutzarekin. Baditu merituak filmak baina ez da borobila.

Isaki Lacuestarekin batera Zinemaldiko irabazle nagusia Filippos Tsitos greziarraren Adikos kosmos izan da. Niri gustatu zitzaidan film hori, baina, gehiegizkoa iruditzen zait bi sari eraman izana, gizonezko aktore onenarena eta zuzendari onenarena, hain zuzen ere. Are gehiago palmaresetik kanpo faborito nagusietako bi geratu direla jakinik. Harritu egin nau Terence Daviesen The Deep Blue Sea eta Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados batere saririk gabe geratu izanak. Film greziarrak planteamendu interesgarria dauka, originala da, eta ongi filmatua dago, baina bi sari horiek eramateko adinakoa denik ez dut uste.

Gauza batek eman dit pena handia sari banaketatik: Hirokazu Kore-eda japoniarrak beste behin ere sari nagusirik gabe alde egin duela Donostiatik. Laugarren aldia zen Zinemaldira zetorrena, beti film oso txukunekin, eta beste behin esku hutsik ez, baina sari nagusirik gabe geratu da, beste faborito zenbait bezala, bestalde. Baina urteroko kontua izaten da. Diplomazia joko bat izaten da. Epaimahaikideen lana oso zaila da. Zaila da kontsentsua bilatzea, eta kontsentsua bilatze horretan sarri faborito direnak bazterrean geratzen dira, eta hasiera batean bigarren mailan zeudela ziruditen batzuk agertzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.