Askotan erasaten dit kezka horrek. Benetan ba al dugu fikzioaren beharra? Eta, jakina, fikzioa eta literatura parekatzeko ohitura aski zabalduta dagoenez, pentsa genezake orobat ea literaturaren premiarik dagoen, eta berdin pinturarena edo zinemarena, edo beste edozein arterena. Ez al dira denbora-pasa hutsak?
Gure idazle gazte baten azken liburuak berriarazi dit, aspaldiko partez, kezka hori. Biok ia adinkide garenez, gure belaunaldikoen, ez gazte ez zahar, biziminen kontakizun bikaina iruditu zitzaidan obra, baina argumentuak galarazten zidan haria. Zerk harilkatzen zuen eleberri hori? Mataza ugaria zen, ezbairik gabe, baina, hala ere, eleberri gehienetan bada kontagai bat bestela bezala eramaten zaituena akaberaraino (edo hala behar luke, bederen). Ni, ordea, liburuko mikroistorioek bultzatzen ninduten aurrera, eguneroko bizitzako horiek, gazteok nola sistematizatzen diren ikusteko eta sentitzeko.
Hor dugu belaunaldi-eleberri termino gaitzespen-kutsukoa. Ez da hori, haatik, kezka. Alde batetik, narrazioen linealtasunaren kezka dugu: zer dela eta atxiki behar dugun molde zaharkitu hori. Eta, bestetik, egituraren ardura: nola osatzen den puzzlea. Zer litzateke Scott Fitzgeralden Tender is the Night bikaina denboran atzera-aurrera ibili gabe? Edo Rayuela, hala (jolas eta guzti) antolaturik ez balego?
Eta hor hasten naiz fikzioari susmo txarra hartzen. Zertarako errealitatea antzeratu nahi hori? Ez al da egokiagoa historiari buruzko saiakera on bat hura ulertzeko eleberri historiko arrakastatsu bat baino; ez, noski, denbora-pasa faktorea (edo oharkabeko didaktika) kontuan hartzen badugu. Saiakerak edo albisteak irakurtzean, baina, enpatiak lagundu ohi digu geure gogoan istoriook osatzen, egiantz osoz.
Fikzioak, haatik, giza faktorea du alde, tresneria zorrotz bat gizakiaren azpikontzientea kitzikatzeko, enpatiari eragiteko, dena hankaz gora uzteko. Artean, berdin: Munch-en Oihuak eta Goya-ren akuaforteek ez al digute iradokitzen argazki arterik gabeko batek baino gehiago? Ez dago zalantzarik horretan. Eta berdin, hiperrealisten lanek, adierazpideagatik beragatik, zeren adierazkortasunez beterik baitago errealitatea halako tresna antigoalekoekin xehe islatu nahia.
Gurean, berriz, idazle-jendea ia tematurik dago antzerkiko hiru unitate klasikoekin: denbora, lekua eta egintza; eta, hala, kamustu egiten dute fikziozko literatura (literatura huts-hutsik edozein idazki izan baitaiteke). Arkatz kamuts bat arkatza da halere, baina, zorroztu ezean, hobe duzu bizkarrean hazka egiteko erabili idazteko baino. Ez larritu: hizkuntza moldeak ez ditugu berbakizun hartuko, badaezpada ere, zeren askoren iritzian ez da arazo literatura hizkuntza-sorkuntzarako elbarri egotea sarritan, edo denek berdin idazteko egindako hautua (berez ez da hautua, ezin[beste]a baizik).
Funtsezko dugu fikzioa, izenburuko galdera erretorikoa gorabehera, baina ez, beharbada, fikzio belaxka hori, sarritan hipersentiberatasun aurrerakoi bat beste baliorik ez duena, edo denbora-pasarako jostagarri huts dena. Beste era bateko fikzioa ere beharrezko dugu.
Historia-fikzioko lan gailenek sendotzen didate uste hori. Zweig, Schwob, Sciascia, Tavares… Nolako gozatua har daitekeen horien alegiazko historiak irakurrita! Horietatik Schwob-en Bizi alegiazkoak baino ez dugu euskaraz, ordea.
Fikzioak gainditu egin behar du errealitatea. Kondentsatu egin behar du. Bestela, emadazue errealitatea, emazkidazue jarleku publikoak jendeari begiratzeko.
Literatura. Hirudia
Fikzioaren beharraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu