Koldo Almandoz.
Donostiako 60. Zinemaldia. Plano subjektiboa

.... gauden denok anai?

2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Amaitu da 60.a. Ikusitako filmeen mailarekin kontent ia jende guztia. Urtero lez molde anitzeko film ugari. Akaso, arrisku gehiago hartzen duten film ezberdin gutxiago. Sariei dagokionez, zenbat buru, hainbat aburu. Bost Donostia sari. Bostak Hollywood-eko izarrak. Ez al da munduko beste zinemagintzetan halako saria merezi duenik? Bai, jakina badela, baina ikusi nahi al ditugu ahoskatzen ez dakizkigun izenen jabeak alfonbra gorrian?

Errealitatetik ihes egiteko edo errealitate berriak ezagutzeko aukera ez da desagertu. Nahiz eta komunikabideetan hainbeste tokirik bete ez, urte osoan ikus daitezke pelikulak. Datozen asteotan ordea, bestelako pelikula batek beteko ditukomunikabideetako lerro eta orduak. Hauteskundeen matrakak ez digu ia beste edozertarako tarterik utziko.

Katalunian Diada egunean gertatutakoaren harira,Euskal Herrian, abertzaleoi bidea erakutsi digutela entzuten dugu han-hemenka. Abertzaleak elkar ulertu eta gure bide propioari ekin behar diogula zenbatetan aldarrikatu dugu? Kantuak dioen moduan «abertzale izan ezkero gaur, gauden denok anai». Abertzaleon artean, abertzale izate soilagatik ulertu behar horrek, Hegoafrikako Marikana mehatzetan gertatutakoa ekartzen dit gogora. Poliziak 34 mehatzari tiroz asesinatu zituenekoa. Sarraskia gauzatzearekin konformatu ez eta hilketen errua mehatzariei egotzi nahi izan zieten. Gertakizun hartako irudiak apartheid-aren garaiko Catch a Fire, Cry Freedom, A Dry White Seasson edo Goodbye Bafana bezalako filmetatik ateratako eszenak ziruditen. Diferentzia bakar batekin. Telebistako albistegietan ikusi ditugun irudietan, mehatzari beltzei tiro egiten zieten polizietako asko ere beltzak zirela; azala uniformearen azpian gordeta zeramaten beltzak. Bata tokatu zaigun azala da. Bestea, uniformea, aukeratutakoa. Azalak ez du pertsona egiten. Ez Hegoafrikan, ez Madrilen ez eta hemen ere. Abertzale azal kolorea tokatu zaigun askotxo gara, baina abertzale eta euskalduna izatea ez da ezerren bermea. Zein uniforme jantzita daramagun jakitea ere garrantzitsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.