Lorea Agirre.
Katuajeak

Gorputz etxe

2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Etxe aterpe leku baten behar betiereko hori. Umekia, amaren sabelean, burua oinetara bilduta trikutua. Lehen etxea. Norberaren gorputza besteren gorputzean. Fetu posizioa. Jaio eta gero ere. Lotara biltzea, negarrari ematea, hotzari zirrikituak ixtea. Gorputza, larru, eta larrua bizitzaren borrokaleku. Gure gorputza da gure lehen etxea, hil arterainokoa, eta hor jokatzen dugu eta horrekin jokatzen dugu eguneroko bizitzan. Bizitza biologikoaz haratago, bizitza politiko eta sozialean. Gorputzen kontrola, gorputzen bezatzea eta gorputzen matxinatzea gizartearen kontrola bezatzea eta matxinatzea baita. Ondo eseri, geldi egon, hitz egin ozen, ez jan hori, honela jantzi, botikak hartu, ez drogatu, lepoa zutitu, burua makurtu, ukabila altxa, hankak zabaldu. Gorputza ere arrotz bihur liteke.

Gero, umetan mantapean ezkutatu, burua atera eta munduak hortxe segitzen duela ikasi. Ez ikusiagatik hor dagoela. Norbera ere bai. Orain banago, orain ez. Orain banaiz, orain ez. Kuku jolasa. Sukaldeko mahaiaren azpian hurrena, mantela lurreraino luzatuta, etxetxo bat, aterpe bat. Hozkailu berriaren kartoizko kutxa. Hau nire etxea da. Nire ezkutalekua. Ez sartu. Kuxinekin egindako kanpin denda. Zuhaitz enborra ardatz hartuta adarrekin eraikitako txabolak, eta adarretan gora oholekin egindakoak. Txapitulak. Norberaren ohea. Norberaren mantapea. Norberaren lekua. Norberaren beste gorputz bat. Beste gorputz bat etxe bihurtua. Matte, sartu barrura. Norberaren lekua munduan. Bere karga bere ixtura bere lotura eta bere babesarekin.

Egitura bat baino zerbait gehiago baita etxea. Arne Quinze artistak egurrezko etxeak egiten ditu. Umetan egin zuen lehen oholezko txabola haren jarraipena baino ez dira. Etxearen metafora, dio berak. Ametsetako etxe hori. Gizakiak duen behar hori, mentalki eta fisikoki babesleku bat eraikitzekoa, itxitura bat zedarritzekoa, norberaren lekua munduan mugatzekoa. Zintzilik dauden txabolak egin ohi ditu, zuhaitzetik zuhaitzera, eskailera erdi oker erdi zuzenak lurrean sustraituak, oholak oholen gainean trabeska buruz behera sahieska hiltzez josiak. Pasabideak gelak leihoak. Kolore biziz pintatuak. Badirudi goitik behera etorriko dela putz eginez gero, nola kartekin egindako dorreak. Norberaren baitan eraikitako mila dorre eta gaztelu. Ezinezko ametsak.

Betiko kezka da. Zer behar da, zenbat leku, zenbat behar da egitura bat etxe izateko. Le Corbusier arkitekto handiak modu berri batean, hobeto bizi ahal izateko diseinatu zituen auzoak: espazio pribatua justuan, eta espazio sozial handiak. Etxea, etxetik kanpora ere. Argia, airea, berdeguneak, umeen jolas leku, dendak. Giza neurrira egindako auzune, kale eta etxeak. Berarentzako, hala ere, txabola bat eraiki zuen propio. Le Cabanon. Etxola. Egurrezko kubo bat, 3.40 luze eta 3.40 zabal. Pertsona bakarraren neurrira egina. Zutik eta eserita gaudenean dugun altuerara, besoen luzerara, belaun tolestuaren angelura, begien irismenera eta gorputzaren mogimendu ez-behartuetara makurtuko zen etxea. Beharrezkoa baino ez duena: sukaldea, mahaia, ohea, komuna. Bataren eta besteren funtzioak trukagarriak dira beharraren arabera. Etxe humano bat. Bere lanik onena zela zioen berak. Frantziako Kosta Urdineko herritxo batean kokatu zuen eta han bizi izan zen. Teilatu bat, ohe bat, sutondo bat, esaten zuen, horixe baino ez da behar.

Teilatu bat, ohe bat, sutondo bat. Etxerik gabeko pertsona bat hilda aurkitu zuten herenegun Bilbon. Kalean. Lo bezala. Burua oinetara bilduta trikutua irudikatu dut. Gorputza azken etxe eta etxe bakar. Kalean hildakoei azken aldian egin bezala, omenaldia egingo diote, salaketa egin asmoz. Norberaren gorputza eta gizarte gorputza ondo arrotz bihur litezke sarritan. Ez-etxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.