Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Grebara

2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Berriz ere grebaren oihartzunak entzun dira musikarien artean. Baina ez, ez da gobernuak martxan jarritako murrizketen aurka antolatutako protesta. Ezta BEZaren igoeraren kontrakoa ere. Ez da musikarien edo kultur arloko langileen lan baldintza gero eta negargarriagoak salatzeko saioa, ezta diskoen pirateriarenkontrako hamaikagarren kanpaina ere.

Orain gutxi arte, antolaketa sozial, altxamendu eta iraultza guztiek asmatu edo onartu dute beren musika, beraien ereserkia. Eta, horretarako, iraultzaileek beti izan dituzte alboan musikariak, dena erran behar bada, kasu batzuetan heriotza mehatxupean. Musikaria baita, poetarekin batera, seguru aski historia osoan topatuko dugun adierazpen askatasunaren eredu nabarmenena: fusilaren ordez gitarra besapean hartuta borrokatzen dena eta bere kantuen bidez iraultzak betiereko bihurtzen dituena. Ez du merezi, orain, musikari iraultzaileen martirien aldareko izendegia aipatzen hastea. Denok ezagutzen ditugu. Edo zuzenagoak izateko, bakoitzak, bere gustuko iraultzaren arabera, aukeratzen ditu bereak. Baina zer edo zer aldatzen hasi da. Oraindik zehazki argitu gabeko ariketa eginez, azken urteotako mugimendu sozialek ez dute ereserkirik sortu, ez aukeratu, ez aireratu. Ez diote musikarik jarri nahi izan 21. mendeko iraultzari. Gaur egungo musikaria ez baita garai batekoa. Gaur egungo musikari globalizatuak ez dio herriari kantatzen, audientziari baizik. Eta bertzelako iraultzak ditu buruan: mundua salbatzeko ahalegina egiten du (ikus Bono), espektakulu erraldoien bidez bere mugimendu sozial iraultzaile propioak baina inofensiboak sortzen ditu (ikus Bruce Springsteen), edo iraultzaren estetikaren apologia hutsalak egitera mugatzen da (ikus Madonna). Eta behingoz greba egin behar badu, arrazoi on batengatik egingo du. Bere kontratuarengatik. Halaxe irakurri dut: EMI eta Universal diskoetxeen makrofusioaren kontra grebara deitzeko mehatxu egin du Blur taldeak. Lasai ederra hartu dut, Britpopa ez da inoiz hilko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.