Tom Sharpek ez du oraino sarrerarik euskarazko Wikipedian, gurea ez dago eleberrigile ingelesaren berri ematen duten hamalau hizkuntzen artean —denak europarrak; tartean, galegoa eta katalana daude—. Seguruenik, inork ez duelako halakorik egiteko aitzakiarik aurkitu, edo, besterik gabe, ez delako harekin gogoratu. Uler daiteke. Orain badago, edo badugu, pisuzko arrazoi bat ordea, Sharperen nobelarik ezagunena, Wilt (1976), lehenengoz antzerkirako egokitu baitute —zinemara aspaldi eraman zuten, Wikipedia gehienetan agertzen den bezala—, baina guri bereziki interesatzen zaigun euskal talde batek egin izana. Eta euskaraz. Datuak Wikipedian azaltzea merezi du, hala gurean nola erdarazkoetan, baina ez dadila gaztelaniazko bertsioa estreinatu ostean gertatu…
Izan ere, ondo dago Ados Teatroa konpainiak agertokira eraman izana 40 urtera iritsi garenotatik askok irakurri dugun liburua. Baina are pozgarriagoa da, eta txalotzekoa, euskaraz estreinatzeko erabakia hartu izana, eta gaztelaniazko bertsioa udazkenerako utzi izana, euskarazkoak bere bidea traba gehigarririk gabe egin dezan. Kontrakoa ikustera ohituak ginen aspaldian —dena ez da lore: Adosen webgunea gaztelania hutsean dago—. Gutxienez 20 urte igaro dira Wilt irakurri nuenetik, eta geroztik ez dut Sharperen beste libururik irakurri. Ez dakit, beraz, esaten duten bezala, Ingalaterran sortutako idazlerik dibertigarrienetako bat den, baina Donostiako Antzoki Zaharrera gerturatu eta panpina puzgarri baten kontura Wilt poesia irakasleak aurre egin behar dion egoera korapilatsuarekin berriz topo egitean, haren umorea zaharkitua aurkitu dut, 70-80ko hamarkadetan izan zezakeen transgresio edo probokazio ahalmen eta zorroztasuna, kamuts. Hala ere, barre txikiko dibertimendu atsegina osatu du Adosek, eskarmentu handiko aktore talde baten ofizioari esker. Hizkuntzaren aldetik egindako hautua iruditu zait azpimarragarria, aktoreak norbere euskalkian entzutea, batez ere Mikel Laskurain bergararra eta Miren Gojenola lekeitiarra —aspaldiko partez agertoki batean—, naturalaz gain, aberasgarri eta gozagarria baita oso.
Donostia sariaren emate ekitaldian eta Aste Nagusiaren inguruan izan ezik, aukera gutxi izaten da euskarazko antzerkia ikusteko Antzoki Zaharrean. Aldiz, urtea hasi zenetik hilabete pasatxo da, eta dagoeneko bi obra eman dira bertan. Eta bietan jendearen erantzuna ona izan da. Hil arte bizi urtarrilean estreinatu zen Andoainen, eta geroztik Donostian, Barakaldon, Gernikan eta Ordizian izan da , eta martxoan Eibarko antzerki jardunaldiak zabalduko ditu Txalo Produkzioak-en lan berriak. Ez du erraza izango Ate joka lanak lortutako emanaldi kopurua berdintzea —obra hura 122 aldiz taularatu zuten bi urtean, 122!— baina ez ninduke harrituko erdietsiko balu, Donostian izandako harrera beroari erreparatuta. Barre algarak eragiteko sortutako komedia da Hil arte bizi, antzokian sartu orduko arazoak ahantzi eta ondo pasatu besterik nahi ez duen ikusleari zuzendua. Iker Galartza, Sara Cozar eta Joseba Usabiagak (Ate joka laneko aktore berberak) hasieratik harrapatzen dute ikuslearen arreta, eta ordu eta erdiz eusten diote, ia gorabeherarik gabe. Obrak funtzionatzen du. Horretan giltza da Javier Veiga galiziarraren jatorrizko testuaren euskaratze bikaina. Gazteak (haiek dira antzezlanaren publiko naturala) euskarara erakartzeko gako gisa Fermin Etxegoienek aipatzen duen plazer estetikoa eskaintzen du Iker Galartzaren itzulpenak (aktore tolosarraren antzezpena ere goraipatzekoa da).
Umorea ez da ohiko osagai dantza emanaldietan, baina Kukairen Out/In ikuskizunean aurkituko du ikusleak. Kalean eskaintzeko sortutako bi koreografia, Aupa mutil eta Sorbatza, aretoetara moldatu ditu taldeak, tradizionaletik baino dantza garaikidetik gertuago dagoen proposamenean. Igandean estreinatu zuten, Errenterian, eta laster Donostian eta Gasteizen aurkeztuko dute. Ikusleak sorpresa hartuko du, Kukairen ibilbidean berriak diren hainbat elementu baititu Out/In ikuskizunak: musika elektronikoa, elkarrizketak, umorea eta nolabaiteko giro ilun eta obsesiboa, hunkigarriaren ordez. Eta zintzoa izate aldera, esango dut: nik amua irentsi nuen…
Ilaran
'Gure' Sharpe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu