Berrehun pezeta balio zuen sarrerak. Ordainduta ikusi nuen lehen kontzertua Tolosako zezen-plazan izan zen. Gu baino bizpahiru urte zaharragoak ziren auzoko lagunen autoan Hertzainak ikustera joan ginen —edo eraman gintuztela idatzi beharko nuke?—. Saz le Bolok ere jotzen zuen, baina artean ez genuen talde hura ezagutzen. 1986. urtea zen, eta, nire lagunak ez bezala, bizarra egiten estreinatu gabea nintzen. Taldeari horrenbeste buruhauste ekarri zizkion Hau dena aldatu nahi nuke bigarren disko ilun eta ustekabeko hura kaleratua zuten gasteiztarrek, eta Tito Aldama saxofoi jotzaile zendu berria taldetik kanpo zegoen ordurako, bestela gogoratuko nuen hura ikusi izana. Agian igandea zelako ez zen jende askorik hurbildu —edo zezen-plazaren zabaltasunak itxura hori ematen zuen—, eta ez genuen arazorik izan kontzertua lehen lerroetatik ikusteko, agertokiaren ezkerraldean jarrita. Han egon ginen, kietoparao, esperientzia berriak gaindituta, imajinatzen dut. Kontzertuaz oso oroitzapen lausoa dut, baina uste dut ez zitzaidala asko gustatu —geroago ikusi nituen gehienetan bezala—, taldearen zale amorratua izanagatik. Etxean hurrengo egunean jakin zuten han izan nintzela.
Joan den astean Berri Txarrak ikusteko Donostiako Gazteszena bi gauez bete zuten milatik gora lagunen artean ez ziren gutxi, susmoa dut, lehen aldiz ordaindutako kontzertu batean zeudenak. Lehen lerroak hartu zituzten, guk duela 25 urte lez, baina, guk ez bezala, pogoan dantza egin zuten, besoak altxatu, kantu zaharrak zein berriak ahoz gora abestu, isildu eskatu zietenean, taldekideei eskua eman… nekez ahaztuko duten ia bi orduko emanaldi sekulakoan. Estudioko zazpi disko kaleratu ondoren, zuzeneko grabazioari heltzeko garaia iritsi al zaio talde nafarrari? Donostian ikusitakoagatik, bai.
Duela hemezortzi urte hasitako ibilbidearen unerik gozoenean da Berri Txarrak, eta Haria diskoarekin izaten ari den harrera dela eta, Negu Gorriak-ekiko konparazioak entzuten hasi dira, harrezkeroztik ez dela gurean halako ikusminik piztu eta nazioartean ere zabalkundea lortu duen beste rock talderik izan. Egiaz itzela da hirukoteak hartu duen martxa: otsailean Bilbon bira abiatu zuenetik —Donostian bezala, bi kontzertu eman zituen zaleen eskaera asetzeko—, Atarrabian, Madrilen, Tolosan, Zaragozan, Mallorcan, Bartzelonan… jo duen leku gehienetan sarrera guztiak saldu eta kritika ezin hobeak jaso ditu. Donostiatik zuzenean Milanera joan ziren, laster Italian argitaratuko dutelako Haria. Ostiralean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan ariko dira, eta biharamunean berriz hegazkina hartuko dute, Londresen bi emanaldi eskaintzeko. Maiatzean, Tenerife, Granada, Sevilla eta Valentzia dituzte zain, eta, ekainean, Sick Of It All hardcore talde beteranoarekin jardungo dute Parisen.
Baiki, Negu Gorriak-en garai bizi eta oparoak ekartzen ditu gogora, baina ezer ez da ezerezetik sortzen, ezta kasu honetan ere. Bi taldeak lotzen dituen hari bat dago, eta, ustekabean, etxean gordea dudan Argia astekariaren 1994ko ale batean azaldu zait. Fermin Muguruzari egindako elkarrizketa ekartzen du, eta izenburuak honela dio: «Sinesgarritasuna, komunikazioa eta lan egitea da gure sekretua». Eta Berri Txarrak-ena ere bai. Jarreraz ari baikara. RRVrekin dibertitu ginenok Negu Gorriak-Esan Ozenkirekin musikara beste ikuspegi batetik hurbiltzen eta jarrera zehatz bat baloratzen ikasi genuen, edo hori da nire kasua bederen. Orduan ikasitakoa lastoa eta garia iragazteko galbahe ez garrantzi gutxikoa izan dut askotan. Eta horrek narama, Berri Txarrak-en kasuan, musikaren gainetik Gorka Urbizu mirestera. Hitz egiten duen bakoitzean gurean musikarekiko ezohikoa den zaletasuna eta grina transmititzen duelako, bere izaera apalarekin talka egiten ez duen pentsamendu kritikoa lantzen duelako, bereaz aparteko estiloak jorratzen dituzten taldeak ezagutzeko eta defendatzeko aurreiritzirik gabeko jokaera erakusten duelako, astearte batean kontzertu batean aurkitu dezakezun musikari horietako bat delako. Badakizu egunen batean Berri Txarrak amaituko dela baina Gorka Urbizuk jarraituko duela musika egiten. Ez da, inondik ere, eredu txarra lehen aldiz kontzertu batera joateko adinean daudenentzat.
Negu Gorriak-ek kantatzen zuenez, errespetua.
Ilaran
Harian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu