Lorea Agirre.
Katuajeak

Hiru bele beltz

2012ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gernika koadroa bera, zenbat etxetako jangeletako hormetan zintzilik, familia argazki, jaunartze irudi eta bestelako apaingarrien artean. Izan zen bonbaketaren oroigarri, baina ez hori bakarrik. Askoz gehiago. Gaur garenaren adierazgarri ere bai. Memoria ariketa bat. Zauriak ez dira itxi, gerra ez da bukatu.

Gernika koadroko txoria. Orain 25 urte, pin bat larruzko txupan. Gernikan bertan egin zen topaketara kanpin denda bizkarrean, trenez, joan ginenekoa. Joan beharra zegoen. Jendetza ikaragarria. Rock radikala, kontzertu bortitzak. Gandorrak. Guk ere bai, Gernikako Arbola ezagutzera eta gurtzera umetan gurasoekin egindako txangoan oso bestela.

1937ko apirilaren 24an, Elgetan sartu ziren tropa frankistei, 24 ordu eman zitzaien sarraskia eragin eta izua zabaltzeko. Txikitu, lapurtu, jipoitu, tirokatu, hil, fusilatu eta bonba zulotan sartu, bortxatu. Sarraskitu, aditza onartzen bazait. Antxoni Telleria. Isilik egon zen 66 urtez, ez zuensekula kontatu apirilaren 24an, hamalau urte zituela jaiotetxean jazo zena, harik eta 2003an Intxorta 1937 elkartekoek galdera egin zioten arte. «Goizeko hiruretan ezezagun batzuk baserrira etorri ziren; beltz-beltzak ez ziren, gure aldean pixka bat tostatuak, erdaraz ondo moldatzen ziren. Nire iritzia da kanpotar haiek horrelako orduetan bakarrik ezin zutela baserria aurkitu, herrikoek lagunduta etorri zirela. Eztabaida sortu zen ea bortxatu edo ez bortxatu; gero bultzaka hasi ziren eta azkenean aitari buruan tiro egin zioten; odolustu egingo zen, orduan, nik eskua buruan jarri nion, bigarren tiroa egin zioten eta niri eskuko atzamarrak birrindu. Amari, berriz, kulatazoka burua apurtu zioten; konortea galdu eta ez zuen berreskuratu; hamar egunera hil zen. Bortxatzaileek ikusi zuten onean ezin zutela ezer egin, txarrean dena, hilketak, bortxatu eta dena».

Egongelako koadroak ez du dena kontatzen dena kontatzen ez bada. Nork zioen irudi batek mila hitzek baino gehiago balio zuela. Antxoniren bizitza txikitu zuten egun berean, baina 75 urte geroago, Espainiako armadako soldaduak Elgeta eta Intxorta inguruan maniobretan ibili ziren. Hori ere memoria ariketa bat da. Zauriak ez daitezela itxi, gerra ez dadila bukatu.

Hiru bele beltz kotxe batek harrapatutako triku hilotzaren barrenak mokokatzen. Atzo goizean bertan, errepidean ikusia. To, metafora bat, kolpe batean. Metafora bila ote nenbilen. Baina metaforak zer balio du Antxoni Telleriaren testigantzaren aurrean edo soldadu espainiarrak Elgetako plazan sartu direla dioen berriaren aurrean.

Antxoni Telleria, Ana Frank bailitzan. Adin beretsuko neskatilak izango ziren Antxoni eta Ana, bizitza granada bat bezala ahoko zuloan lehertu zitzaienean. Antxoni Telleria Ana Frank balitz, sikiera, aiseago idatziko nuke haren izena. Badakit zergatik: barkamenak bereizten ditu biak. Ana Frankek barkamen, dolu, laudorio, ordain, egia, justizia, erreparazio, oroimen museo, liburu, film eta souvenir eta behar izan dituen malko guztiak jaso dituelako. Antxoni Telleriak, ezer ere ez.

Eta Antxoni Telleriarena gogorragoa izan zen, idatzi dezaket, eta ez dakit nola neurtu daitekeen bataren eta bestearen mina, baina badakit hala izan zela. Gogorragoa izan zen. Gogorragoa da. Antxoni Telleriak ez zuen egunerokorik idatzi. Mutu egon zen 66 urtez. Baina idatzi izan balu bezala gorde zituen jazotakoak. Idatzi, gorputzean ere idazten da, idazten dizute laban batekin larruazala urratuz, zaurituz, odola isuri arte. Gorputz mutilatua, bere egiarekin, bere idatziarekin. Tatuaje bat. Katuaje bat, esan du mutiko batek. Azalaren kode bortxatua. Agian, idatzi, gorputzean idazten dena idazten da benetan bakarrik. Gorputza mezuaren euskarri edo garraiatzaile, zer da, bada, bortxaketa bat gerraren erdian. Zer da etsaiaren ama-alabak bortxatu behar hori gerra guztietan. Elgetan bezala, Srebrenican, Guatemalan edo Kongon. Zer esan nahi dute. Ze mezu dutebarnean, ze kodetan dauden idatziak.

Adin beretsua du neskatilak, eta Ana Franken egunerokoa ari da irakurtzen. La vita è vella filma ikustean ezagutu du liburuko pasarteren bat. Hara, horixe da. Benetako drama, komikotasunez jantzia. Nola irakurriko dizkiot Antxoniren hitzak zauritu gabe, minik eman gabe, ez da berriz gertatuko gezurra esan beharrik izan gabe. Non dago komikotasuna, nola fikzionatzen da, zein da metafora egokia. Nola egiten da memoria ariketa hori. Oinazea ezin du metaforak adierazi, ez ordezkatu, eta hala ere, hiru bele beltz triku odolustuaren erraietan mokoka ari zirela kontatu diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.