Zinema. Fantasien gatibu
Historia fikzioa
Gerardo Herreroren Silencio en la nieve azken lanak ez ditu kritika onak jaso, baina filmak historia eta zinemaren arteko harremanean sakontzeko aitzakia paregabea eskaintzen digu. Aurrekari modura Tarantinoren Inglourious Basterds maisulana aipa dezakegu; orduko hartan Tarantinok historia berridatzi zuen, eta, horrez gain, zinemaren boterea aldarrikatu zuen. Zinemak Hitler akabatzeaz gain, mundua aldatzeko gaitasuna baitauka. Historialariek ekintzak euren interesen arabera manipulatu ditzakete, eta zenbait heroi ahaztu egiten direla nabarmendu nahi izan zuen estatubatuarrak. Historialariek Hans Landari buruz idatziko zuten soilik, Shosanna hila baitzen, eta etorkizunean inork ez zuen haren balentriaren berririk izango. Tarantinok fikzioaren benetakotasuna defendatu zuen, eta, bide batez, historiaren objektibotasuna zalantzan ipintzera ausartu zen. Zinemak eta telesailek historialarien autoritatea ezbaian ipintzen dute, eta zientzialarien lana pikutara bota dezakete. Historia kontatzea da historialarien eginbeharra, baina badirudi gehiengoak zinemagileen historia fikzioa nahiago duela. Gaur egungo gizartean zinemagileen boterea adituena baino handiagoa da kasu gehienetan; hortaz, normala da zientzialariak kezkatuta egotea. Joan Francesc Mira soziologo eta antropologoak Los Borgia telesailak ikuslea engainatzen zuela salatu zuen; askotan fikzioa eta gezurra gauza bera direla sinetsarazi nahi digute, baina ikuspegi hori sinpleegia da. Zinemagile asko daude euren lana primeran egiten dutenak. Historia jada ez da historialarien kontua soilik, eta, horregatik, Ferro eta Sorlin historialariek zinemagileen autoritatearen aurka egin beharrean gaia bere osotasunean ikertzea erabaki dute. Dena ez da zilegi, baina zinemagileek historia kontatzeko eskubidea dute, eta euren lana gutxiestea alferrikakoa da. Horregatik, zenbait historialarik kontuan hartu beharko lukete fikzioaren ahalmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu