Geure ikasle liburuetan gizon errespetagarri gisa ageri zaigu Thomas Alva Edison. Asmatzailea zen, eta ez da, aizue, edonolako kontua. Umearen begietara asmatzailea magoa da. Ezinezkoa zirudiena posible egiten du. Eta Edisonek, ezin ukatuko dugu, elektrizitatea sortu zuen. Miraria, zibilizazioa, modernotasuna, industria. Iraultza.
Elektrizitatea asmatu eta bertan goxo geratu zela uste baduzue, ez duzue Edison zaharra ezagutzen. Bere lantegian temoso eta irrikatsu jarraitu zuen, eta berari zor diogu gerora horrenbesteko plazera ekarri digun zinematografoa ere. Bai, badakit Lumiere anaiek lehenago asmatu zutela, baina garaiko asmakizunak beti sortzen ziren hiruzpalau tokitan batera, denek egiten ziotelako aurreko asmakizun baten hari solteari tira eta asmakizun batek asmatzaileak trumilka beste asmakizunetara eramaten zituelako.
Hortxe dauzkagu beraz bi asmakizunak: elektrizitatea eta zinema. Orain biak lotzeko arrazoiak behar ditugu. Eta justu une delikatu horretan agertzen zaigu, Jean Echenozek Tximistak liburuan kontatzen digunez, Nikola Tesla asmatzaile kroaziarra, zeinak Edisonen elektrizitatea hobetzeko modua asmatu baitzuen. Besteak beste, urrutirago eraman zitekeen, eta potentzia gehiago sor zezakeen. Edozer hornitu zitekeen Teslaren argindarrarekin, Edisonenarekin ez bezala. Baina ez gaitezen xehetasunetan sar. Hobea zen, eta kito.
Hobekuntza onartzeak, ordea, monopolioa galtzea, hots, sosak galtzea ekarriko zion Edisoni, eta, honenbestez, borroka hasi zen. Teslaren argindarra arriskutsua izan zitekeela baliatu zuen Edisonek hura laidoztatzeko. Lehenik etxeko abereak (txakurrak eta katuak) elektrokutatu zituen Edisonek jendaurrean. Gero abere handiago bat hautatu zuen, bere propagandari ikusgarritasun gehiago ematearren: Topsy izeneko elefantea. Eta hortxe azaltzen zaigu zinematografoa berriro ere. Edisonek, izan ere, elefantea burdinazko plaka handi baten gainean jarri, eta aberea bertan kiskali zuen, jendaurrean ez ezik, kamera aurrean. Gero irudiak AEBetatik barna zabaldu zituen, den-denak Teslaren maltzurkeriaz ohar zitezen. Baina elefante gaixoak ez zuen Edisonek aurreikusitako inpaktoa izan, zerbait gordinagoa behar zuen, eta zer gordinagoa, gizaki bat baino?
Erronka zaila zen, ze zail xamarra baita elektrokutatuta hil nahi duen jenderik topatzea. Baina ez dezagun ahantzi Edison asmatzailea zela, asmatzaileen jeinua, irrika, irudimena eta setakeria zituela. Eta hala etorri zitzaizkion gogora, nahi ez, baina ezinbestean hil behar zirenak: heriotza zigorrera kondenatutakoak. Harold Pitney Brown morroia lanean jarri zuen, eta laster sortu zuten aulki elektrikoa.
Bat ez, bi deskarga eman zizkioten William Kemmler kondenatuari. Lehena ez zen nahikoa izan. Hogeitaka segundo iraun zuen lehen kiskalaldiak, baina gizonak ez zuen hil nahi, irudiz. Zer den biziraupenerako sena! Bigarrenean bai, amore eman behar izan zuen, 27 segundoko deskargaren ondoren. Haren atzetik ehunka etorri dira, horietako batzuk zelebreak, Sacco eta Vanzetti anarkistak kasu, zeinak, denok dakigunez, errugabe zirela izan baitziren zigortuta. Beste asko bezala.
Ez zuen, ez, arrazoia bere alde jartzeko edozein trikimailu asmatzeko beldur handirik izan Edisonek. Batzuek joko zikina eragotziko diote. Fedegabeak. Historiak eminentzia baten gisa oroituko du. Pittin bat eskrupulu gabea izan behar du gizonak, ahanzturaren bazka izan nahi ez badu.
Literatura. Hirudia
Historia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu