Badira mitifikatutako artistak, edo garai batean asko gustatu zitzaizkigunak eta gogokoen zerrendan iltzatuta geratu direnak. Horietako bat zen niretzat David Hockney.
Horregatik izugarrizko gogoa nuen Bilboko Guggenheim museora ekarri duten erakusketa ikusteko. Bertan, Estatu Batuetan bizi den pintore ingelesaren azken lanak ezagutzeko aukera izango genuela iragarrita zegoen, eta horrek nire jakin-mina piztu zuen.
Erakusketaren izenburua Ikuspegi zabalago bat esaldia da, nahiz eta ez jakin oso ondo zeri buruz ari diren antolatzaileak ikuspegi zabalago bat diotenean. Erakusketa Londresko Royal Academy of Arts erakundetik dator, eta bertan izan zuen polemikak ere, lehen aipatutako jakin-mina areagotu zuen. Lan asko daude museoko hirugarren solairuan, baina gutxik harrapatu ninduten. Sarritan, zerbaitetik hainbeste espero denean, liburu, filma, antzerki, musika emanaldi, eta abar, huts egitea erraza izaten da. Horrelako zerbait gertatu zitzaidan Hockneyren erakusketarekin.
Kolore biziz pintatutako koadro handiek badute interesa; agian, paisaiaren errepikapenean edo naturaren interpretazio pertsonalean, baina ez zitzaizkidan batere gustatu (eta gustu pertsonalez ari naiz).
Hala ere, zalantza handi samarra bururatu zitzaidan, Londresen Hockneyk Damian Hirstekin izandako eztabaidaren harira. Hockneyk artearen alderdi mekanikoari eta artearen bidez artistak harrapatzen duen munduaren interpretazio pertsonalari buruz hitz egin zuen. Horren aurrean, Hirstek berak egiten ez dituen objektuak kontrajarri zituen, artistaren eskua, eta, ondorioz, artistaren pertzepzio pertsonal eza, alegia.
Nik, aldiz, Hockneyren koadroak ikusi nituenean, gaur egun horrek duen balioaz galdetu nion neure buruari, zergatik duten Hirsten lanek baino balio handiagoa. Ondorio modura, desberdintasun gutxi dagoela atera nuen. Batek eta besteak arte historiaren tradizioari jarraitzen diote, munduaikusteko moduari zerbait ezberdina edo ñabardura txikiak emateko. Ez dut uste Hockneyren lanaren ekarpena artistaren eskua edo objektuan duen parte hartzea denik. Paisaia ulertzeko modua, ulertzeko modu hori nola irudikatzen duen eta irudikapen horiek nola aurkezten dituen da pintorearen ekarpena, beste artista guztiena bezalaxe; ikuspuntua, gauzatzea eta aurkeztea, beraz, arte guztien arazoak.
Artea. Begiz
Hockney
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu