Literatura. Hirudia

Idazleak eta idazleak

2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Idazle borreroez hitz egin zuen aurreko artikulu batean Lander Garrok. Edonork dakien bezala, borreroak dira beste batzuen aginduz zigorrak, torturak eta hilketak burutzen dituztenak. Borreroak izan ziren, adibidez, gerra zibilean nire aitona abertzalea mendian fusilatu eta lurperatu zuten frankistak, eta borreroak izan ziren frankismoan Angel Otaegi eta beste anitz fusilatu edo hil zituztenak ere. Borreroak izan ziren, halaber, bere buruzagiek aginduta gizakiak hil zituzten ETAkideak eta GALkideak. Eta abar. Adibide mordo gehiago aipa genezake, baina Lander Garrok aipatzen duen Luisa Etxenike idazleak, esaterako, ez du inoiz inor torturatu edo hil eta ez dio inori torturatzeko edo hiltzeko agindurik eman; irain hutsa da metaforikoki esanik ere. Hori, objektiboki hitz eginda, horrela DA.

Idurre Alonso aurreko artikulu batean objektibo eta subjektibo izateaz mintzatu zelarik pertsonak objektuak ez garela esan zuen. Edozeinek daki ez garela objektuak, eta objektibo izaten saiatzeak ez du esan nahi inor objektu bihurtuko denik horregatik. Objektibo izaten saiatzeak esan nahi du subjektu bat objektu eta gertakari guztiak ikusten saiatuko dela, ez dituela begiak itxiko batzuen aurrean komeni zaizkionak bakarrik ikusteko. Denok gara subjektiboak baina badira zeharo subjektiboak izaten saiatzen direnak, objektibotasuna bilatu gabe, beren ideia eta helburu politikoei egia osoa ikustea eta objektibo izatea komeni ez zaielako.

Idurre Alonsok Joseph McCarthyk jazarritako idazleak eta zinemagileak aipatu zituen, zeintzuen artean komunistak izan ziren jazarrienak, bada, objektiboki hitz eginez, gogoratu beharko da hemengo alderdi komunistak aspaldi jarri zirela ETAren kontra. Frankistek jazarri eta kartzelaratu ondoren nork jazarri zion Agustin Ibarrola eskultore komunistari ETAren kontra manifestatzeagatik? Erantzun objektiboa duen galdera objektiboa. Eskultoreez hitz egiten jarraitzeko, zein adjektibo erabiliko luke Lander Garrok ETAren kontra jende gehiena baino askoz lehenago hainbestetan manifestatu zen Eduardo Txillida kalifikatzeko? Ez da datu purtzila behiala euskal presoen amnistiaren aldeko ikurra egin zuena geroagoko ETAren kontra oso fermuki jarri zela gogoratzea.

Bakoitzak nahi duenaz idazteko askatasuna du, baina norbaitek euskal gatazkaz idazteko erabakia hartzen badu eta bizpahiru liburu gai horretaz idatzi ondoren ez badu ETAk egindako kalte bat bakarra ere narratzen, estatu espainiarrak eragindako kalteak bakarrik kontatzen baditu, errealitatearen parte bat ezkutatzen ari da. Bere subjektibotasunetik objektiboa izaten saiatu behar du idazleak, ezein alderdi politikoren morrontzarik gabe, errealitate osoa ikusten ahalegintzeko, eta ez bere alderdi edo koalizio politikoari komeni zaion errealitatearen zatia bakarrik. Adibidez, euskal ezker abertzaleko zinegotzia den idazle bati asko kostatuko zaio ETAk eragindako hilketez idaztea, estatu espainiarrak eragindako hilketez idaztea eskuineko espainiar aberri-zale zinegotzia den idazle bati asko kostatzen zaion bezala, horregatik alderdi edo koalizio politikoetako afiliatu edo kargudun izatea ez da joera onena idazle batentzat, morrontza politikoa izango duelako beti.

Alderdi politikoekiko morrontzarik gabe, beti independente izaten saiatu direlako edo behialako beren alderdi politikoekin loturak hautsi zituztelako, ororekin kritikoak izateko iritzi askatasun handiagoa izaten dute idazleek. Libreago daude, adibidez, bai ETAk bai estatu espainiarrak astakeria handiak egin dituztela esateko. Euskal gatazka bere osotasunean islatzen saiatu diren idazleen artean euskal literaturako onenetakoak daude (nahiz eta beren obrek batez besteko txikia osatzen duten testuinguru orokorrean): Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi eta Bernardo Atxaga, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.