Kazetaritza eta literatura elkartzen diren unean sortzen da idazlearen itxura dei dezakeguna, kazetetatik aparte idazleak ez baitu itxurarik, pertsona arruntaren irudia ez bada, goizetan besteok bezala kafesnea hartzera pijaman jaikiko dena.
Idazleak bere burua erakusten du, idazleari eta komunikabideari, biei interesatzen zaien neurrian. Batak liburuak salduko ditu, legenda bilakatuko da, mututasuna hautsiko du, ahots bat bilakatuko da besteon baitan. Komunikabideak, berriz, ahots hori goratu nahiko du, hain justu figura horren handitasunak berea propioa nabarmenduko duelakoan. Idazlea sarituz bere burua saritzen duen sariketaren kasuan bezala, komunikabideak, errealitate bat azaltzen du, errealitate horrek bere buruari prestigio bat emango dion neurrian. «Geuk elkarrizketatu genuen x jauna», esango dute, «gurekin bildu zen, bere etxea ireki zigun, eta hara noraino iritsi den, hara zein espazio betetzen duen Literaturaren Mundu Unibertsalean». Kanpotik ikusita, banitateen arteko joko ziztrina emango du, edo glamour txundigarria, baina, ez bata eta ez bestea, ekonomia hutsa da.
Eskua kokospean, zeharka sartzen zaio argia, etzana, argi-ilunez hornitzen du idazlea, keinu serioa dauka, argazkilariak gogaituko balu bezala. Irmo agertuko da gehienetan, besoz gurutzatuta agian, edo besaulkian eserita, dotoreziaz, nobleziaz kasik. Zigarreta bidailagun izango du sarritan, zigarreta aho-ertzean, zigarreta hatzen artean, zigarreta beti aldarri, bizimodu baten erakusgarri. Zigarretan liberaltasuna erakutsi eta irakatsiko du, idaztea liberala izatea baita (ia) nahitaez, politikoki ez bada ofizioz behintzat. Desorduan, legerik gabe, arauak hautsiz… ez, idazlea ez da izaki arrunta, ez du izan nahi, eta ezberdintasun hori protesta bat balitz bezala aireratu nahiko du. Batzuetan, idazlea abere batekin azalduko da. Zakurzale amorratuak ote dira? Ez, kasu horietan, argazkilariak (komunikabideak) idazlearekin izandako intimotasuna nabarmendu nahi izango du, maskota bat beti baita norberaren bizitza pertsonalari dagokion zerbait, kasik norberaren mundu intimoari. Idazlea eta maskota, biak elkarrekin, beti izango dira, azkenean, saldutako egunkari eta errebista gehiago.
Bada idazlearen irudi estandar moduko bat. Idazleak estandar horren baitan sartu nahiko du, eta komunikabideek laguntza emango diote, klixeekin askoz ere errazago mugitzen baitira. Idazleak, oro har, harrotasuna azalduko du mundu aurrean. Asko kostata iritsi da iritsi den lekura, langilea delako ez ezik, talentu bat daukalako, ezberdina delako, eta ezberdintasun horrek mundua ederragotzen duelako. Hara hemen jenio txiki bat, izango da argazkiaren titularra. Nola agertzen da jenio txiki bat? Modu askotara, eta, aldi berean, oso mugatuta dagoen modu batean. Kontuz, dena ez da zilegi, dena ez da posible.
Euskal Herrian, noski, hori guztia ezberdina da. Ihes egiten digu inon idatzi gabeko kode multzo horrek. Idazlea, askotan, izaki arrunta balitz bezala agertzen da, eta ez da kasualitatea. Batetik, idazleak bere txikitasunaren kontzientzia dauka, bere herrian baita heroi, ez bere herritik kanpo. Herabe, uzkur, lotsatu, ia umiliatu agertzen da argazkilariaren aurrera. Tramite gogor eta astuna pasa behar du (bera ez da modeloa!), munduak horretara behartzen duelako, beraz, «amai dezagun ahalik eta azkarren». Besteok bere buru serioegi hartzen duela juzgatuko dugun beldur, irri egiten du. Beste alde batetik, komunikabideak ere, txikitasun horren berri badauka, eta txikitasun horri dagokion trataera emango dio, argazkiak non-nahi eta nolanahi eginez, normalean kalean, horma baten kontra, eskuak patriketan… beste batzuetan galtza motzetan, hondartzarako sandaliak jantzita, alkandora zimurtuta… Nornahi dena, nolanahi ager liteke.
Degradazio mingarri baten kronika grafikoa izaten da azken emaitza. Komunikabideak, idazlearen irudiarekin (izar txikia da, gajoa), komunikabidearena berea amilarazten du (izar txikiak baino ez ditugu elkarrizketatzen). Eta hain geratzen da amildua, ezen eta idazle horren jarraitzaile sutsu ez diren guztiak indiferente geratuko diren elkarrizketarekiko.
Literatura baztertu baten partaide garela salatzen dugu usu, baina geu gara geure burua baztertzen lehenak.
Literatura. Hirudia
Idazlearen irudiaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu