lander garro
Literatura. Hirudia

Idaztearen behar fisiologikoa

2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Ez dakit inoiz polizia kaputxadun baten aurrean kaka egitea egokitu ote zaizuen. Hantxe zaude zu zeure barruak hustutzen, dauzkazunak eta ez dauzkazunak botaz, eta hantxe dauzkazu bi begi, bi begi gezurrezko-edo, baten batek artilezko txano bati animalia baten begiak itsasi izan balizkio bezala, irudi delirantea eta higuingarria. Baina hizketan hasi zaizu orduan, ze hari ere, akaso, ikuskizuna ez zaio atsegina, amai dezazun irrikitan dago, eta orduan konturatu zara gizaki bat dagoela kaputxaren azpian. Amaitu ezak behingoz, presatuko zaitu. Baina ez zara zu, zeure barruak dira. Dena nahi lukete isuri. Nonbait irakurrita nago gizakiak berezkoa duela arrisku egoeratan kaka egitea, erantzun fisiologikoa dela, hain zuzen arerioa uxatzeko balio duena, eta gorputzen arteko guduan besteak zu heltzeko erraztasunik izan ez dezan. Biziraupenerako protokolo fisiologikoa da, beraz, kaputxadun bat zeure etxean ikusi eta korrika komunera joateko jendetasunik gabeko bultzada hori. Barka diezadala beraz ertzain jaunak nire etxeko atea bota eta ni atxilotzera trumilka sartu ziren hartan izan nuen estualdia eta hustualdia, ez nintzen ni, nire hesteak ziren, mandatu antzestral bati jarraiki ari zitzaizkionak.

Gizakirik estrafalarioenak ere, zorrotzak dira kaka intimotasunean egiteko desioari dagokionez. Gauza asko egin litezke besteen aurrean, gauza asko esan litezke, eta izan dezakegu lotsagarri geratzeko joera arlotea ere. Baina kaka egiteko tenorean, adiskide, orduan bakarrik nahiko duzu egon, barrutik botatzen dituzunak besteek botatzen dituztenen parekoak izan arren, zeureak direlako, ongi bota eta hobe ezkutatzekoak. Baina pribilegio hori airean geratuko da, noski, egunen batean polizia jaun-andreen bisita egokitzen bazaizu, poliziak oso baitira zuhurrak gaizkileekin, eta izu dira hustualdia ez ote duzun zure karrera kriminala azken muturrera eramatearren erabiliko: komun zuloraino.

97ko urrian sartu ziren ertzainak geure etxera, anaia eta biok eraman gintuzten. Zerikusirik ez geneukan ekintza bat leporatzen ziguten, anaiak harriduraz begiratu zidan etxean barna ikusi nuen aldi batean, aurpegiaz galdetuz bezala: zertan ari dituk idiota hauek hemen? Bere atzean zegoen ertzainak bere doblea egiten zuen tamainaz. Nekez pentsatuko nuen gau hartan kirten horiek bizitzako 2 urte lapurtuko zizkidatela, niri eta neureei.

Batzuek pentsatzen dute tortura dela makilkadaka neurtzen den gauza bat; hainbat ubeldura, halako sufrimendua. Horiek ez dakite zer den poliziaren I+G delakoa. Ikerketa eta garapena alegia. Etxean sartu orduko sartzen dizute izua, eta ondorengo orduetan dena da barneratutako izu horren erakustaldi kontrolagaitza. Nahi zenuke aurre egin, nahiko zenuke matxinatu, ezetz esan, baina beldur zara ez ote zaituzten bertan akabatuko, eta isildu egiten zara. Gaueko ordu txikietan esnatzen zaituzte, eta arma bat daukazu zure buruari apuntatzen. Eta orain?, galdetzen dute, eta nahi duzun gauza bakarra da kanoi horretatik proiektil bat atera dadin, edo beharbada aterarazi dezaten.

Hiru egunetan ez ninduten ukitu. Kaka egiten pasa nituen hiru egunak. Jaten ez nuena ere botatzen nuen. Lotsatu egin beharko nuke, seguruen. Ez da samurra, ez, zeure burua oroitzea, ateari hatz-koskorrez joaz eta komunerako baimena eskatuz, ia ahopeka, aitari zerbait txarra egin izana aitortzen ari bazintzaizkion bezala.

Arrazoi du Mikel Hernandez Abaituak gatazkari buruz gutxi idatzi dugula esaten duenean; nik neronek hau idazteke neukan gaur arte. Besteei gertatzen zaienaz hitz egitea errazagoa da, irudiz, norberari gertatzen zaionaz hitz egitea baino. Luxuzko ikusleak ei gara, biharko ikertzaileek eskertuko dute geure ekarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.