Nora Ephron zendu da,When Harry Met Sally pelikula arrakastatsuaren (Rob Reiner, 1989) gidoigilea, leuzemiak jota.
Komedia erromantikoek maitasunaren pertzepzioan eta bikote harremanetan duten eragina ukaezina da, eta printze urdinaren mitoa ezinbestekoa gertatzen da genero sistemak bere horretan jarrai dezan. Tradizionalki emakumeentzat egindako genero bat izan da, baina There's Something About Mary filmak (Robert eta Peter Farrelly, 1998) komedia erromantikoa eta umore zakarra eta gustu txarrekoa uztartzea lortu zituen, gizonezkoentzat erakargarri bihurtzeraino. Kevin Smith eta Judd Apatowren lanetan, gizonezko protagonisten ikuspuntua nagusitzen da. Komedia horiek, emakume eta gizonen jarrera eta jokaerak baldintzatzeaz gain, norberaren ilusio eta itxaropenetan eragiten dute.
Jakina denez, maitasuna botere harremanak ezkutatzeko beharrezko osagaia da. Sexuen arteko gerrak komediatik gutxi du, kasu askotan nagusiaren eta menpekoaren arteko dialektika tragediatik gertuago aurkitzen baita. Maitasuna ezinezkoa da errespeturik ez badago, baina maitasunaren ideologiak bi pertsonaren arteko desoreka naturalizatzea ahalbidetzen du. Maitasun erromantikoaren pentsamenduaren arabera, ez dago ezer maitasunak gaindi ezin dezakeenik. Maitasunak muga guztiak gaindi ditzake, eta horregatik klase, kultura, etnia... desberdinetako pertsonak harmonian eta zoriontasunean elkar ditzake. Jainkoaren heriotzaren ostean, maitasunak bakarrik salba gaitzake. Zinismoaren aurkako sendagai bakarra da, Coen anaien Intolerable Cruelty filmean (2003) adierazten zaigun bezala. Maitasuna bizitzako gauzarik zoragarriena dela pentsatzea arriskutsua da; Mari Luz Esteban Crítica del pensamiento amoroso liburuaren (2011) egileak dioen moduan, askatasuna, justizia eta elkartasuna garrantzitsuagoak izan daitezke. Maitasun erromantikoaren ideologia amaitu beharra dago, denok zoriontsuago izan gaitezen.
Zinema. Fantasien gatibu
Ideologien amaiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu