BizBAK eta FAS Zineklubaren ekimenari esker, Filipinetako zinemarik berriena ezagutzeko aukera egongo da datozen egunotan Bilboko Bizkaia aretoan. Ostegun honetan emango zaio hasiera indie pinoy zikloari, Raya Martin gaztearen Independencia lanarekin (2009), eta datorren astean Brillante Mendozaren Kinatay (2009) eta Sherad Anthony Sanchezen Imburnal (2008) ikusi ahal izango dira. Aurretik zinema japoniarrarekin edo hegokorearrarekin gertatu den bezala, jaialdirik ospetsuenetan estreinatu izan dira autore filipinar horien azken lanak, eta kritikaren oniritzia erdietsi dute, baina jende gehienarentzat oraindik ere ezezagunak dira. Beraz, ziklo honen bitartez azken urteotan Filipinetako zinemaren barruan ekoitzi diren lanik interesgarrienak ezagutzera eman nahi dira.
Orain arte zinema filipinarra Lino Brocka izenarekin identifikatu izan da, baina iraultza digitalari esker, autore ugari agertu dira azken urteetan, eta haien lanek ikusmin handia sortu dute Cannesen, Berlinen eta Venezian. Mendebaldeak herrialde hartako zinema deskubritu berri duela esan daiteke. Gobernuak ez ditu atsegin belaunaldi berri honen filmak, herrialdearen miseria agerian uzten baitute; baina, jaialdiei esker, nazioarteko onespena lortu dute. Haien lanak ez dira batere arrakastatsuak Filipinetan, eta askok Manilako tabernetan proiektatzen dituzte. Raya Martinen esanetan, jendeak zinema komertziala atsegin du, aretoetan besterik ezin baita ikusi. Egileek euren herrialdeko industriari bizkarra eman diote, eta proiektu ausart eta pertsonalak gauzatu dituzte. Zentsurari aurre egin behar izan diote, eta baliabide gutxi dituzte, baina horrek ere baditu bere abantailak, noski, horrela nahi duten filma egin baitezakete.
Dirurik ez dagoenean ez da kontrolik existitzen, eta ardura guztia norberarena da. Filma eskasa izan daiteke, baina behintzat egileak bere barruari jaramon egin dio.
Zinema. Fantasien gatibu
'Indie pinoy'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu