Lorea Agirre.
Katuajeak

Inor ez da mutu

2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Horrelaxe, hurrenkera honetan: itsas ertza, itsas amildegi eta hondartzak, mendia, trikuharri bat, Michelin izardun sukaldariak, hiriburuetako festak, mundu mailako arkitektoek eraikitako upeltegiak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Ainhoa Artetarekin, museoak, Ibarrola eta Omako basoa, Zinemaldian izan diren hainbat aktore ezagun, Txillida eta Chillida-leku, Donostiako aquariuma eta Kursaala, Bilboko Guggenheim museoa eta Euskalduna jauregia, Gasteizko Santa Maria katedrala, jazzaldiak, autobiak eta aireportua, txalaparta jotzen bi lagun, kongresuak eta azokak, pintxoak, itsasertza. Irudi horiek denak elkarri kateatuta. Denak urrutitik hartuak, asko airetik ateratakoak. La Oreja de Van Gogh talde donostiarraren Promesas de primavera kantuaren erritmoan, bideoaren arduradunen hitzetan «Euskadin zabaldu den esperantza eta bake aro berriaren isla» den kantuaren erritmoan.

Hauxe da Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba atzerrian ezagutzera emateko Jaurlaritzako Turismo sailak osatu duen kanpainaren funtsa. Donostiako musika taldeak Espainian, Europan eta Ameriketan aurki emango dituen kontzertu guzti-guztietan bideo hori jarriko du, eta han eta hemen emango dituen prentsaurreko eta elkarrizketa guzti-guztietan turismo kanpaina eta Euskadi aipatu eta aupatzeko konpromisoa hartu du.

Ez dakit nola egiten den musikaren gaineko elkarrizketa batean zure babeslearen leloa —areago babeslea gobernu bat denean— koherente samar sartzeko; ez dakit nola egiten den dotore antzean, mezetako errezoen erdian diru poltsaren txintxina gehitxo ez entzuteko. Ez dakit, turismo kanpaina eraginkorra izango den. Demagun baietz, La Oreja de Van Gogh taldearen sonak eta bideoak jendea erakarriko duela Euskal Autonomi Erkidegora. Ados. Musika talde batek nolatan onartu dezakeen horrelako enbaxada bat, nago, diruak baino ezin duela azaldu. Agian, erratuta nago, eta ez da horrela, eta nik neuk ez antzeman ez atzeman ditzakedan zentzuzko arrazoiak badira. Ez da gehiegi kezkatzen nauen afera, hala ere.

Geure buruari bezala kanpokoei zer garen adierazteko eraikitzen dugun irudia zer nolakoa den eta zergatik eraikitzen dugun eraikitzen dugun moduan, horrek bai kezkatzen nau. Bideoak Euskadi zer den edo nolako saldu nahi dugun nahiko argi uzten du. Bestela esanda, zerez den. Zer den argazkitik kanpo utzi duguna.

Paisaia, gastronomia, Ibarrola, Txillida, Zinemaldia, Jazzaldiak, musika klasikoa, eraikin arkitektoniko zahar eta berri ikusgarriak eta komunikabide onak. Horixe da bideoak indar gehienez adierazten duena. Ez paisaiak, ez gastronomiak, ez eskulturek, ez musika klasikoak, ez jazzak, ez eraikinek ez dute hitz egiten. Beraz, Euskadiren eta Euskadi horretako herritarraren irudikari horretan hitz egiten duten osagarriak saihestu egin dira. Zergatik? Agian, geure buruaren argazkian ez dadin hizkuntzaren kontuan katramilatuko gaituen elementurik agertu. Beharbada erratuta nago, baina, nago, orain hogeita hamar urte euskaldun izatea euskaltasunaren edo euskal adierarenbarneko irudikari horren ezaugarri garrantzitsutzat hartzen zuela herritarren gehiengoak, eta gaur egun ez dela horrela. Nahiago nuke erratuta egon, baina, nago, gaur eta hemen erdaldun izatea dela euskaltasunaren eta euskal adieraren araua gehiengoaren arabera. Nahitara egin dela uste dut, erdarazko hedabideek —ez horiek bakarrik—, batzuk propio besteek hala nahi gabe, lan handia egin dutela pentsamendu kolonizatua eraikitzen eta barreiatzen, azken hamarkadetan.

Eskulturak berak ez du hitzik esaten, badakigu, baina badu hizkuntza, eta bideoan ageri direnena gaztelera da. Nago, ezin dela kontrakorik esan esentzialismoan erortzeko arriskurik hartu gabe. Berdin gastronomiarena edo arkitekturarena. Paisaiak, itsas bazter eta mendi, bertako hiztunen hizkuntza hitz egiten du. Izan ere, mutu, ez inor ez ezer ez da mutu. Ez dago hizkuntzarik gabeko lurrik. Lurrik gabeko hizkuntzarik baliteke. Baina hizkuntzak lur geografikoa eta lur alegiazkoa behar ditu izango bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.