Martuteneko espetxean bizitako sufrikarioaren ostean, hainbat lagunen hitz eraikitzaileak entzuten dira Juanmi Gutierrezen Mur-Mur dokumentalean. Zamaz motxila kargatuta daraman pertsonari laguntzen saiatzen dira gizarte honetako pertsona anonimoak. Loiola Etxeko kideak dira horietako batzuk, Arrats elkartekoak beste batzuk, baita Salhaketakoak ere. Espetxeen zentzugabekeria ageri da Zazpi t'erdi ekoizpen etxe txikiak egindako lanean. Gizarteratze lanean barneratzen da. Eta, bide batez, eraikitzen ari diren makroespetxeen atzean dauden interes ekonomikoak azaleratzen dira. Su festa zinematografikorik gabe, mamiari ondo heldu, eta gaian sakontzea lortzen du. Garunean eta bihotzean iltzatuta gelditzen diren hitz eraikitzaileak.
Gutierrezen lanean bezala, sufrimendua dago presente Bertha Gaztelumendiren Mariposas en el hierro dokumentalean. Emakumeen ikuspuntutik, indarkeria mota askotarikoak pairatzen dituztenak dira protagonista. Bederatzi egunez torturatua izan ostean poliziak hil zuen gizon baten alaba, alaba hil dioten ama, egoera ekonomikoaren erruz etxetik bota dituzten emakumeak, Demokrazia 3 Milioi plataformarekin hauteskundeetara aurkezten saiatzeagatik goizaldeko ordubietan atxilotuta eramaten duten emakumea, Kolonbiako erbesteratu bat, bi preso politikoren ama, ETAk hildako ertzain buru baten alarguna, erakunde armatu berak hildako PPko zinegotzi baten alarguna. Guztiak duintasunez eta errespetuzko trataerarekin ageri dira dokumentalean. Filmaren amaieran, Glencree taldeko esperientziaz ageri dira berbetan. Enpatia hitza ageri da hor nonbait. Bestearen sufrimendua ulertzeaz, sufrimendua unibertsala dela. Hitz eraikitzaileak horiek guztiak.
Zinemira sailean aurkeztu diren bi dokumental horietan giza sufrimenduaren printzak josten dira. Baina, bide batez, itxaropenari ematen diote bidea, iluntasunetik argitasunera doazen tximeleta batzuen gisan.
Donostiako 60. Zinemaldia. Basquewood
Itxaropena eraikitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu