Lorea Agirre.
Katuajeak

Katigatuta

2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Lasa eta Zabalarenak zirela jakin zen Valentzia hegoaldeko mendialdean hamar urte lehenago topatu zituzten bi gorpu torturatu eta tirokatuak orain dela ia hogei urte. Bi gorpu horietako bat oraintsu esnatu da lozorrotik, eta hezurrak nola-hala berriro elkar lotu, altxa, eta tirriki-tarraka inguruko errepidera iristea lortu du. Honaino irakur dezaket. Hemendik aurrera, hartu Twist eleberria, Harkaitz Canoren azkena. Zinez.

Urte berriak idazle donostiarraren eleberriarekin katigatuta harrapatu nau. Kolpean, lo zorroan zegoen mamua berpiztu du Canok. Eta berarekin 80ko hamarkada. Eta biharamunaren biharamunean, urte berriko egunkariak. Ematen du urte berriak joera ikono narrazio estetika berri berriak berarekin ekarri behar dituela derrigor, inork zapaldu gabeko bide ezezagunak ireki behar dituela, mundu berriak osatzen hasteko osagaiak ekarri. Eta justu kontrara gertatzen da, zaharrak berri egiten dituela. Azken urtetako errepika da errepikapenarena. Berria delako ustean ilobek zuk euren adin berean entzuten zenuen musika bera entzuteko dutela ohartzen zarenean bezala. Mp4an dutela eurek, doan saretik jaitsia, eta zuk kasetean zenuela grabatua lagunen baten binilotik. Edukiontzia aldatzen da, edukia apenas. Festetako txosnetan ere ez da denbora pasatzen, beti gazte beti hogei urte zenitueneko musika bozgorailuetan. Orduko gertaeren oihartzuna hementxetik entzuten da.

Dena itzultzen dena ikasia dugu. Jaiotzeko zinela, amari jostunak egindako berokia moda-modako jarri, eta orain gutxi arte jantzi duzu; berdin galtza barren zabalak, inoiz gustuko izan ez arren. Musika revival-ak ere emarian datoz beti, izan talde berri izan talde zahar. Azala aldatzen da apur bat, baina mamia ia beti bera da. Gaur egun moderno izatea ez da aurrera begiratzea, atzera baizik. Dena bueltatzen da, hurrenkera ordenatu bat jarraituz gainera. 60ko hamarkadakoak 90eko hamarkadan itzuli ziren, 70ekoak 2000koan, 80koak 2010ean. Zirkuluak osatuz, aroa aroaren errepikapenean, hogeita hamar urteko tartearekin. Urratsa pixka bat aurrera luzatzeko atzera hiru hamarkada egin behar.

Dena itzultzen da, edo ezer ez da joaten. Azken aldian, itxura ematen du, aroak ilaran errepikatu bai baina ez direla joan joaten, erdi nahas-mahas, hamarkada batek besteari gainka hartuz geratzen direla. Konpondu gabeko liskar zaharrak bezala, esan gabe utzitako maitasun hitzen antzera. Kiribil batean sartuta bezala, lozorroan larrialdietarako atea non ote dagoen asmatu ezin duelako. Labirinto bat. Igarotako denboretan enkapsulatuak bageunde bezala. Iraganari katigatuta. Jose Luis Otamendi poetak idatzi bezala, amaituko ez den mende batetik gatoz.

Errealitatea eta bere aroak eta ikonoak eta estetikak narrazioak dira, fikzio,labana norbere haragitan sartzeak adina min egiten badu ere. Baina errealitateak baino fikzioaren gaineko fikzioak itxi ditzake aroak sendatu zauriak eta ireki irteerako ateak. Gorpuei lur eta atseden eman. Eta urte berriak ireki egin dezagun bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.