Literatura. Hirudia

Kritika arrakasta versus salmenta oparoa

2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ni idazten hasi nintzen garaian nahiko garbi zeuden goi eta behe mailako literaturen mugak, eta, askotan, bakoitza non zegoen jakiteko modua bere efektuetan bila zitekeen. Kritika onak baina salmenta txarrak: goi mailako literatura. Kritika txarrak baina salmenta onak: kontsumoko behe mailako literatura. Kritika onak eta salmenta onak: gutxitan gertatzen zen zerbait. Baina, batez ere, ezein kritikaren aurretik, salmenta kopuruak onak baldin baziren, kontsumoko literatura arrunta ote zen susmo ikaragarria hasten zen sortzen.

Oso bestelakoa da gaurko egoera, edozeinek dakien legez. Nola iritsi gara puntu honetara? Ezaguna da literatur kritikaren nondik norakoa. Agian ez dago gaizki gogoratzea. Literaturaren irakurketa komunikazio ekintza baldin bada, emailea, mezua eta hartzailea hartu beharko dira kontuan gutxienez (testuinguruaz gain eta abar). Hasiera batean kritika asko arduratzen zen emaileaz, idazleaz. Gero, XX. mendearen lehen erdi osoan-edo, mezua bera izan zen batez ere kontuan hartu zena, baina mende horren bukaeran, postmodernitatearen iristearekin batera, hartzaileari hasi zitzaion ematen berebiziko garrantzia, irakurleari alegia, eta horrela Harreraren Estetika eta harrera-teoria guztiak hasi ziren gero eta gehiago nabarmentzen. Gaur egun kritikari anitzek ez diote obra bati toki on bat emango (mundu zabaleko kritikariez ari naiz orokorrean, ez hemengoez soilik), baldin eta, nolabaiteko kalitateaz gain, ez badu lortzen publiko-arrakasta apur bat behintzat, eta mesfidantzaz begiratuko diote idazle bati norbaitek kultuko idazletzat hartzen badu, horrek berehala ez duela asko saltzen esan nahiko baitu, bere kalitatea ukaezina izan arren. Ergela ez den euskal idazleak, beraz, ez dio muzin egingo euskal irakurleen 111 Akademiari, esaterako, ezta perretxikoen moduan zorionez sortu diren irakurle-klub guztiei ere.

Interesgarria izaten da ikustea idazleen artean horrek guztiak izan ohi duen ondorioa. Goi mailako literaturatzat hartutakoei askoz gehiago saltzea gustatuko litzaieke, eta salmenta onak dituzten anitzek ez dute ulertzen kritikariek zergatik ez dituzten kontuan hartzen literaturaren historiara pasatzeko. Batzuen eta besteen haserre biziak ikusi izan ditut. Denok nahi omen dugu gehiago. Nik, aukeran, garbi daukat zer nahiago dudan, eta harroputz elitista jasanezina naizenez, «kultuko idazle» etiketarekin nahiko zoriontsu bizi naiz, eta «tropel» izenarekin bataiatu duten nire belaunaldiko batek baino gehiagok berdin pentsatuko duelakoan nago (baina, hala ere, jende guztiak saldu nahi du gehiago, noski). Bai, badakit zer pentsatuko duzuen irakurle gaiztoenek, azeri-mahatsen alegian gertatzen denaren biktima naizela. Eta, tira, agian arrazoi izango duzue. Dena dela, ez dago tragedia handiagorik kontsumoko literatura nahita egitea eta salmenta arrakastarik ere ez lortzea baino (eta, gainera, ezta kritikariena ere, jakina). Hain zuzen ere, kontsumoko literatura komertzial arrakastatsua lortzea ez baita batere erraza. Teorian jende guztiak ditu gogoan batzuen eta besteen poetikak, baina emaitzak besterik dira. Are zailagoa da ziur aski hirugarren bidea, Iban Zalduak deitu izan dion bezala, salmenta arrakasta duen goi mailako literaturarena hain zuzen ere.

Daniel Pennacek orain dela hainbat urte irakaskuntzan batez ere liburu gustagarriak erabiltzeko aholkatu zigunetik, gauza asko esan dira bi literatura mota hauen gainean, baina orokorrean ados nago literatur sistema osasuntsu batean bi plater motak behar direla defendatzen dutenekin, Lander Garrok aurreko batean hemen berton esan zuen legez, nahiz eta esateko modu hau sinplista samarra izan, hiru mila eta bostehun karakterreko artikulu bati dagokion moduan. Azken bolada honetan apokaliptiko asko sortzen ari dira, zeintzuentzat benetako literatura larriki zaurituta dagoen. Egoera hainbesterako ez dela esaten duten integratuak ere ez dira falta. Denek dute arrazoi apur bat.

Gure artean esan ohi den bezala, nobela on bat idaztea bezain lan gogorra eta nekagarria da txar bat idaztea ere, eta nik, benetan hain elitista harroputza ez naizenez gero, rocker inteligenteenek esan ohi dutena aitortu beharko dut, asko errespetatzen dudala literaturaren eszenatokira igotzen den edonor, gustatu edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.