Joan badoakigun mundu hori begien aurrean joaten ikusten dut, kuatroporkuatroaren aurrealdean, izkina banatan, berak egindako erramuzko gurutzeak jarri dituen baserritarra paretik pasatzen den bakoitzean. Joaten ikusi eta ezin atxiki. Horrelaxe idatzi nuen orain urtebete. Joan badoakigun mundu hori nekazal munduan, batik bat, gorde den sineskera eta praktika, erdi katoliko erdi pagano, horiek dira. Hain gertu izan, eta hain arrotz egiten zaidana, eta adineko jendea hil ahala galtzen eta zentzugabetzen ari zaiguna.
Hori idatzi nuenetik gaur arte hamabi hilabete joan dira. Badira bi erramu gurutze bedeinkatu bat kotxearen aurrealdean daramadana. Apiril hasieran, mendiko iturritik ardagai oskol batean ekarritako urarekin bedeinkatutako erramu adarrekin Santa Kruz egunean egindako gurutze bat: bi makilatxo elkarri lotuta, bata bestean sartuta, zulotxo bat dela medio. Ez iltze, ez itsasgarri. Kutun bat. Kotxean eraman dut azken hilabetean, eman zidan auzoak egin ohi duen bezala.
Gurutzea egin duen auzoak baratzea landu gabe izan du orain egun gutxi arte. Hau ere adinean aurrera, pentsatu nuen, baratzekoak utziak ditu. Orain lau egun lurra zopizartzen ikusi nuen. Berandutxo ari da, nire artean, nire uste harroan. Herenegun hurbildu nintzen baratzera: lizar adarrak sartuak ditu lurrean, beren hosto eta guzti. Aldatu berri dituen landareak eguzkiak ez ditzan erasan, pentsatu nuen. Ez. Lurra txukundua dago, belarrak kenduta, baina ez dago ezer landatuta. Sustrai gabeko lizar adarrak baino ez.
Lizar adarrak moztu eta soro eta etxe atarietan jartzeko garaia dela Sanjoan bezpera, atzo bertan irakurri nuen nonbait, eta erramu gurutzeak sutara bota behar direla, eta horien ordez lizarrezkoak jarri. Beti dago auzoaren egitekoan eskapatzen zaidan zerbait. Beraz, baratzea landatu aurretik, bedeinkatu egin du.
Horrelaxe noa jabetzen nola diren (nola izan diren) gauzak. Ikusiaz eta ikasiaz, apenas galdetu gabe. Eta dakienaren berdina eginez. Auzoaren eta nire uste eta beldurrak ez dira oso berdinak izango, ziurrenik. Erramu edo lizarrezko gurutzeak zer esan nahi duen berarentzat edo niretzat oso gauza desberdina izango da segurutik. Baina badu zentzu bat gurutzezko kutunak niretzat, nahiz kotxean buruz behera eraman. Kutunak gurutzegilearekin lotzen nau, eta haren niretzako mundu arrotz zahar batekin. Barreneko oihartzun bat, urrunekoa izanda ere, iristen zaidala uste izaten dut batzuetan, arrazoitik haratagoko hizkuntza batean, ikasi dudanaren guztiaren bestela, azalaren bidez, edo sentimenduen bidez iristen zaidana. Kate bati lotzen natzaiola.
Aitona batek oparitutako kutun batek babesa eta zoriona ekar lezakeela pentsatzea ez da oso arrazionala, ez da oso boladakoa. Are gutxiago horoskopoak joan den astean iragarri bezala, Jupiter Geminiren konstelazioan sartzeak hamabi hilabeteko pagotxa ekarriko didala sinestea. Lana izango dudala lepo, garai berriak etorriko direla, eta maitasunean zoragarri egongo naizela. Dirurik izango dudan ez dio. Eta nola diren gauzak (nahasiak gero) argigarriago egiten zaizkit horoskopoaren aurreikuspenak merkatuen eta ekonomialari nobeldun guztienak baino. Bestela esanda, ekonomialarien etorkizuneko aurreikuspenak horoskopoenak (dela mendebaldeko, dela txinatar) adina zorroztasun dutela. Sinetsi egin behar, dena baita sineskeria.
Etorkizuna zer izango den, batek daki. Baita iragana ere. Iragana etorkizunaren arabera aldatzen baita. Etorkizunak, hau behin iraganda, ematen baitio zentzua aurreko guztiari. Eta ez alderantziz. Horregatik izango da hemen inork ez duela zer gertatu den eta zer gertatuko den asmatzen. Erramuzkoa sanjuan sura botako dut bihar, atzean utzi eta atzendu nahi ditudan gauzen zerrenda batekin batera. Auzoak lizarrezko berri bat emango ahal dit. Kutun bat beti dator ondo bidea egiteko.
Katuajeak
Kutuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu