Literatura. Hirudia

'La Cosa Nostra'

2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
La Cosa deitzen zioten euskal idazle batzuek ETAk eta enparauek gauzatzen zuten indarkeriazko ekintza multzoari. La Cosa Nostra deitzea ateratzen zitzaidan niri, ez mafia talde italiarrarekin berdintzearren, oso hemengoak diren berezitasunengatik baizik. Adibidez eta besteak beste, harako hark esan zuen bezala, ez du ETAko inork inoiz gose greba bat bururaino eraman. Jate kontuekin ez da gurean jolasten. Laster ETA guztiz desagertuko denez gero, gai honi buruzko gure literaturari deituko diot hemendik aurrera La Cosa Nostra.

Orain dela hogeita hamar bat urte kritika asko hasi ginen jasotzen euskal idazleok Euskal Herriko egoera politikoa gure narrazioetan ez islatzeagatik, baina hemengo indarkeriaz idazten hasi ginenean askori ez zitzaion batere gustatu hartu genuen ikuspuntua. Inor ez zen libratu kritikez. Idazleari nabaritzen bazitzaion ETAren indarkeriaren kontra ari zela, euskal irakurleriaren parte baten haserrea sortuko zuen, baina antzeko zerbait gertatzen zen irakurleriaren beste parte baten ustez idazleak ez bazuen ETA behar adina kritikatzen. ETAren indarkeria eta estatuarena berdin kritikatzen genituenok ere ez ginen inolaz ere libratzen egurraz, eta ustez mingarriak ziren ekidistante bezalako adjektiboak erabili ziren gurekin iraingarriak izan nahian. Dena dela, badirudi garbi dagoela euskal literaturan askoz gutxiago idatzi dela ETAk eta haren inguruak eragindako biktimen ikuspegitik beste edozein ikuspegitatik baino. Ni behintzat oso bakarrik sentitu nintzen 80ko hamarkadaren bukaeran Guardia Zibilaren kaserna-etxeetan ETAk jarritako bonbek sortutako sarraskiez narratzean edo 90eko hamarkadan nerabe maskaratuek autobus urbanoak errez bidaiariak nola izutzen zituzten deskribatzean. Erreakzio negatibo gehiago jasotzen nituen horietaz idazteagatik poliziek eragindako torturez eta hilketez idazteagatik baino.

Azken bolada honetan behin baino gehiagotan entzun izan dut kontu horien orrialdea gure literaturan lehenbailehen pasatu beharra dagoela eta irakurleak gaiaz oso aspertuta daudela. Baina, noski, Ramiro Pinillak behin argiro esan zuen legez, orrialdea pasatu aurretik arretaz irakurtzea komeni da, eta agian ez dugu oraino behar bezain ongi leitu gure historiaren parte goibel hori. Egia da kontrakoa ere behin baino gehiagotan entzun izan dudala, hau da, mundu zabalean euskal literatura irakurriko badute, gure cosa partikularrari buruz idazteagatik izango dela, eta ni azken horiekin nago ados. Bai, hemengo indarkeriari buruzko gaia moda iragankor bat dela pentsatzen dutenak oso oker daudela iruditzen zait. «Inoiz iragaten ez den iragana» deitzen diote alemanek Bigarren Mundu Gerraren garaiari, eta hemen ere berdin gertatuko da ETAren sasoiarekin. Gaiak bere gorabeherak izango ditu, askotan emango du iragandako moda bat dela, baina behin baino gehiagotan itzuliko da, espainiar gerra zibilarekin eta nazien istorioekin gertatu den bezala. Ziur aski, haiekin suertatu zen legez, mende erdi barru gehiago idatziko da euskal gatazkaz orain baino. Hemen istorio asko gertatu dira, sufrimendu gehiegi izan da alde guztietatik, gauza krudel larregi, eta orain ez bada, jendea zahartu ahala, hil baino lehen, kontatu egingo ditu. Oso gizatiarra da, eta ekidinezina. Batzuek bizi izandakoak idatzi egingo dituzte, eta beste batzuek bere bilobei kontatuko dizkiete, guri gerra zibilari buruzkoak kontatu zizkiguten bezala, eta guk horretaz idazten ez badugu, gure seme-alabek edo bilobek egingo dute, guk gerra zibilaren gaiarekin egin dugun bezala. Aurreko urteetan zenbait hitzaldi, artikulu eta ikastaro gaiari eskaini bazaizkio ere, ez dira ezer izango datozen ehun urteetan (gutxienez) eskainiko zaizkionekin konparatuta. Horra hor, adibidez, Konstantzako Unibertsitatean (Alemania) berrikitan egindako jardunaldiak.

Ez da egia dena dagoela idatzita eta asmatuta literaturan, baina bai gehiena. Hala ere, ezberdinena eta literatura unibertsalari ekarpen handiena egin diezaiokeena nork bere lurraldekoa kontatzea da, era unibertsalean, eta munduan zehar gure literaturaz noizbait benetan arduratuko badira, gurea kontatzeagatik izango da, eta gai guztien artean euskal gatazkak sortuko du jakin-min handiena ia ziur. Gainera, guk egiten ez badugu, atzerritarrek egingo dute. Irakurri, bestela, Raul Zelik alemanak duela urte gutxi argitaratu zuen ongi dokumentatutako Lagun armatua nobela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.