Jon Eskisabel.
Ilaran

Laburbira

2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Gaur, Irungo Amaia antzokian, helmugara iritsiko da Laburbira euskarazko film laburren zirkuitua. Martxoaren lehenetik, abiatu zenetik, 30 herritara heldu da Topaguneak antolatutako ekimen hori, eta Euskal Herritik kanpo ere,Londresen, Madrilen eta Parisen, erakutsi dituzte aurtengo egitaraua osatzeko aukeratutako zortzi lanak. Eskaintzaren askotarikoa nabarmendu dute antolatzaileek, fikzio sorkuntzak, dokumentalak, bi animazio lan eta bideoklip bat ikusi ahal izan direlako saio bakoitzean; baina, horrez gain, bi berrikuntza ekarri ditu 2012ko Laburbirak. Lehen aldiz, beste hizkuntza gutxitu batean (galegoz) egindako film bat jaso dute egitarauan —Instalación (Xoxe Diaz, 2010)—, eta hala egiteko asmoa dute hurrengo urteetan ere. Garrantzitsuagoa deritzot, ahaztua dugun, edo are ezagutzen ez dugun ondare zinematografikoa zabaltzeko Laburbiraren sarea erabiltzeko erabakia hartu izanari. Horri esker, Gerardo Elortzaren Aberria (1961) dokumentala aretoetara itzuli da, Euskadiko Filmategiak zaharberriturik.

Haatik, aho-gustu mingotsa utzi dit aurtengo Laburbirak. Denboran hainbat urte atzera egin izanaren sentsazioarekin atera nintzen emanalditik, hautatutako film gehienen mailak euskaraz izate hutsa kultur ekitaldietara joateko nahikoa arrazoi zeneko garaia ekarri zidan akordura. Hizkuntzaren eta edukiaren artean aukeratu beharraren dilema gaindituta zegoela uste nuen, hori erdaldunen kontua zela —badakizue, medikuarena…—, baina Laburbiran ikusitakoak galdera zahar bat berritzeko parada eman dit: zer leku bete behar du kalitateak euskarazko kultur ekitaldiak antolatzeko irizpideen zerrendan? Eta euskara elkarteek antolatutakoetan? Eta Laburbirari dagokionez, norentzat da? Euskaldunarentzat, euskaldun zinemazalearentzat edo zinemazale euskaldunarentzat? Jendea zergatik joaten da? Euskaraz delako? Zinema maite duelako? Euskarazko zinema maite duelako?

Euskarazko film laburren ekoizpenaren lagin bat erakustea, horrelako eskaintza jasotzeko aukerarik ez duten herrietara iristea eta sortzaileen eta ikusleen arteko harremana sustatzea izan dira Laburbiraren helburuak, 2004. urtean martxan jarri zutenetik. Asier Altuna, Koldo Almandoz, Telmo Esnal, Ane Muñoz, Angel Aldarondo, Jon Andueza, Joxemari Goenaga, Jon Garaño, Aitzol Aramaio, Arkaitz Basterra… euskal zuzendari ezagunenetako askoren lanak eraman ditu herri handi zein txikietara urteotan guztiotan, baina ez ditu egile hasiberrien filmak bazterrean utzi. Aitzitik, harrobia lantzeko ekimenak ere sustatu ditu Topaguneak: Kameratoia ikus-entzunezkoen rallya sortu zuen 2005ean, Benito Ansola bekak 2010ean—lehen ekitaldian saritutako bi lanak izan dira aurtengo eskaintzaren barruan—… Laburbira saretzen duen zirkuitua ere luzatzen joan da urteak igaro ahala, hainbat herritako kultur eskaintzan sustraitu da ekitaldia, eta, lehen esan bezala, atzerrira ere zabaldu da. Lan handia eta garrantzitsua egiten ari dela, horrek ez du zalantzarik sortzen.

Baina bederatzi urte ez dira alferrik igaro: film laburrak zein beste kultur edukiak zabaltzeko eta haietara iristeko bideak izugarri erraztu dira Internetekin (www.argia.com/multimedia atariak film laburrak zein dokumentalak biltzen ditu, esaterako) eta ikus-entzunezko emanaldien lehia ere ugaritu da gurean (Kimuak, Animac, Labo, Manhattan Short Film Festival…). Haatik, Laburbiraren xedeak ez dira aldatu. Hemerotekara jo dut, eta aurkitu dut filmak ezagutaraztea, euskara sustatzea eta bestelako asmo orokorrak errepikatzen dituztela Topaguneko arduradunek urterik urte egitasmoaren aurkezpenean. Ezer gutxi esaten dute eskaintzaren edukiaz, haren kalitateaz edota euskaraz gain ikuslea erakar dezaketen beste osagaiez… Ados, ez dagokion alorrean aritzeko eskatzen ari natzaio Topaguneari, ez da haren ardura euskarazko film laburren galbahe lana egin eta puntakoena edo interesgarriena nabarmentzea, nahi balu ere ez luke horretarako baliabide edo azpiegiturarik izango, ez da zinema elkarte bat, euskara da Topagunearen jardunaren ardatza eta lehentasuna…

Baina gaur egun, eta besterik sortzen ez den bitartean, Laburbira da euskarazko zinemagintza (kasu honetan film laburrak) zabaltzeko, ezagutarazteko eta prestigiatzeko dugun tresnarik baliagarrienetako bat. Zirkuitu bat sendotu du, euskarazko film laburrak ikusteko ohitura sortu… Ibilbide eta esperientzia horiek baliatu beharko lirateke, eta irudimena, edukia gehiago zaintzeko, zorrotzago jokatzeko eta zaleari urtero ahalik eta eskaintzarik erakargarriena egiteko. Horretarako, lehenik eta behin, urtero ekoizten diren filmen berri izan eta haietara iristeko gaur egun dituen zailtasunak gainditzeko moduak asmatu beharko lituzke. Ekitaldi bakoitza aurrerapauso bat izan dadin betiere, edo, gutxienez, ez atzerapauso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.