Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu
Lengoaia bakarraren aurka
La leyenda del tiempo-n egin bezala, Isaki Lacuestak ez zizkion sormenari mugak ipini nahi izan, eta horregatik ez zuen fikzioaren edo dokumentalaren artean aukeratzeko beharrik sentitu. Malira egindako bidaian, bi tradizioak uztartzeko asmoa zuen; baina, azkenean, filma bitan zatitu behar izan zuen, nahasgarria suertatuko zen beldurrez, eta horrela sortu ziren El cuaderno de barro dokumentala eta Los pasos dobles fikziozko lana. El cuaderno de barro-n Miquel Barcelo artistaren Paso doble performance zoragarriaz goza dezakegu. Los pasos dobles, aldiz, askoz konplexuagoa eta irekiagoa da, eta zinema ulertzeko modu baten aurka egiten du. 20ko hamarkadan jada, lengoaia zinematografiko ugari existitzen ziren, eta denak ziren baliagarriak, noski, baina Amerikako Estatu Batuen botere ekonomiko eta politikoari esker, Hollywoodeko eredu klasikoa gailendu zen. Zinema klasikoan, ahotsak hierarkizatuta ageri dira, hau da, argi dago protagonistak esaten eta egiten duena dela garrantzitsuena. Bigarren mailako pertsonaiek protagonistari helmugara ailegatzen lagundu diezaiokete, baina horietako inork ez dio itzalik egingo. Narrazioa protagonista nagusiaren zerbitzura eraikia dago, eta ideologia jakin bat transmititzea du helburu. Mezua argi eta garbi iristen zaio ikusleari, ez dago inolako interferentziarik igorlearen eta hartzailearen artean. Alemaniako mugimendu espresionistan, ordea, film berean ahots ugari existitzen ziren, eta euren arteko hierarkia ez zegoen hain garbi. Ahots bati edo besteari jarraituz gero, interpretazioak guztiz desberdinak izan zitezkeen, eta norberak bilatu behar zion zentzua istorioari. Horregatik, filmak aukera ikaragarriak eskaintzen zituen, baina aldi berean nahasgarria eta nekeza suerta zitekeen. Kausa eta ondorioaren logika hertsiaren ordez, metaforak erabiltzen zituzten, eta horrek zailtasuna areagotzen zuen. Baztertutako lengoaia horiek berreskuratu ditu Lacuestak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu