Nire buruko zakuan 'brotar' hitzaren baliokidea bilatu dut alferrik. «La literatura es un artificio del que brota da vida» idaztea neukan gogoan, ez dakit esaldia nondik atera dudan, inondik atera badut. Agian neuri bururatu zait, baina ez naiz harrotuko, azken batean topikoa ere bada, literatura bizitza darion eraikuntza delako hori dioena. Bizitza badario literatura da, bizitza ez badario erdi bideko zerbait da: literatuxka edo, kontzeptu berri bat asmatzea zilegi bazait.
Zaila da literatura gorputza noiz den edo gorpua noiz den erabakitzea, ezin ahaztuko dugu nork bere gustuak dituela. Noiz darion garra eta noiz darion hildakoaren kirats ozpina. Idazleak beti du irakurlea estimulatzeko xedea, baina batzuetan gogaitzea besterik ez du lortzen, zakila tentetzeko zailasunak dituen maitale zapuztuak bezala.
Lasai laztana, denei gertatzen zaie. Kontsola dadin ahal duenak.
Neu beti izan naiz irakurle kaskarra, baina lotsak aspaldi galdu nituen, Koldo Izagirreri Bost idazle liburu marabillosoan bera irakurle diletantea zela irakurri nionez geroztik. Hamaika liburu hasi eta lau bukatzen dituen horietakoa naiz. Batzuetan gorpuari ahotik ahorokora egiten diot berpiztearren, baina hauspoa hustu besterik ez dut lortzen. Sentimendu desatsegina da, hildakoari musu eternal hori eman behar izatearena, baina tarteka gertatzen da. Jakizue hiltzorian daudenei ez laguntzea legez kontrakoa dela («Negación de auxilio» esaten zaiola uste dut).
Liburu bat halabeharrez amaitzea klaseko lagun zahar batekin lau orduko kafea hartzea bezalako trantze penagarria da batzuetan. Iruditzen zaizu 'hor' egon beharko zenukeela, baina hain egiten zaizu astuna, ze korrika alde egin nahi zenuke. Zeure buruari galdetzen diozu zergatik dagoen horrenbeste jende aspergarri munduan, ganbaran kontu interesgarriak eta aski morbosoak izanagatik, kontu hutsalak besterik mahai gaineratzen ez dituztenak. Eta sentsazioa are desatseginagoa egiten zaizu, zeure parean dagoen horrek hain zuzen zeuk sentitzen duzun gauza bera sentitzen duelako ideia zure buruan sartzen denean. Zeure banitatea eta zeure autoestimua amiltzen dira, parean daukazuna gorrotatzen duzun neurri berean. Aritmetika makabroa da.
Eta ez duzu ulertzen jendeak zergatik ez duen 'neure lagun bati gertatu zitzaion' hori maizago erabiltzen, kontu propioak aireratzeko lotsak gainditzen horrenbeste laguntzen duen gezur txiki hori, literaturan fikzio esaten duguna hain justu. Besteak gutaz hitz egiteko baititugu erabiltzen, inauterietan mosketeroz janzten ginenean bezala, munduaren begietatik geure burua ederrago ikustearren. Superbibentzia hutsa.
Baina ez dakit streptease-a egitea teknika literariorik egokiena ote den. Ez da behintzat tradizio proletarioak agintzen duena, ezbada kontrakoa, burgeskeria erabatekoa. Neu, neu eta neu. Neu eta neure zakila alegia. Baina ez dakit maiestatikoa zinez interesgarri ote den literaturan, ez baitago singulartasunaren galbahetik pasa gabe sor litekeen pertsonai interesgarririk... ala bai?
Kontua, eta hauxe da esan nahi nuena, liburu interesgarriak irakurtzea da, eta, ahal dela, liburu interesgarriak idaztea. Baina badakizue nola den hori. Sartzen zara koartoan asmo onenekin, saiatzen zara lasaitzen, ikusten duzu maitearen gorputz biluzia, eta, hortik aurrera gertatzen dena, nahiaren, zoriaren, naturaren eta patuaren arteko nahasketa kaotikoa da.
Literatura. Hirudia
Literatuxka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu