Ia oharkabean igaro dira Maratila izeneko kultur jardunaldiak,eta beharbada horrexegatik merezi du gogoetaren bat plazaratzea ekimen berri honen inguruan.
Maiatzaren azken aste osoa hartu duen kultur astea elkarlanean prestatu dute Artedramak eta Kultur Leioak. Artedrama euskal laborategiak Ander Lipus du arimatzat, eta bere buru-zabaltasunari fidel izanik, euskal kultur eszenikoaren erakusleiho eta topagunea atondu du Kultur Leioaren erabateko laguntza tekniko eta logistikoarekin. Astean zehar denetariko emanaldiak programatu dira —ume-emanaldiak, esperimentazioa, musika, antzerkia, dantza…— betiere euskaraz eta kalitatea bereziki zainduta. Eman diren pieza batzuk, gainera, domina besapean etorri dira Leioara etorri aurretik: Dejabu Panpin Laborategiaren Gure bide galduak lanak Donostia antzerki saria jaso zuen martxoan, eta harekin bete zen goraino Viktoria Eugenia antzokia saio hunkigarri batean, Fredi Paiaren Hartu ez nuen deia antzerki testu laburrak Cafe Bar Bilbao saria eskuratu zuen iaz eta, azkenik, Larria, kutsakorra, mendebaldekoa-k Espainiako Max sari bat lortu berri du Patxo Telleria eta Jokin Oregiren testuarengatik.
Agian soberan daude aipamenok, batez ere kontuan izanda gainontzeko guztia ere maila altukoa izan dela: Kontakatiluren Katillukadak txotxongilo emanaldia, Khea Ziater-en Gloriaren kantua fin eta dotorea, esperimentazio arloko Txori mugariak Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziaren eskutik, Mursego bereziaren kontzertua… Honezkero, haietariko gehienak beste leku askotatik ibili dira —ia ez Bilbo aldetik, ordea—, baina proposamen pare bat berri-berriak izan dira. Maiatzaren 30ean, adibidez, Fredi Paiaren Hartu ez nuen deia-ren irakurketa dramatizatua egin zuten Ane Pikazak, Ana Elordik, Ander Lipusek eta gure Ramon Agirre internazionalak, Mixel Etxekoparen giro musikal politak lagunduta, eta ikusleok Algortako bertsolariaren jatortasunaz gozatu ahal izan genuen jarraian izandako solasaldi mamitsuan.
Beste estreinaldia astearen amaieran etorri da, Haatik dantza konpainiaren Errimak oinetan lanarekin. Konpainia sortu berri hau fresko eta gogotsu aritu da bere lehendabiziko emanaldian Aiert Beobide eta Unai Elizasuren gidaritzapean, eta dantza lanak dramaturgia sormentsua baliatu du, bertsolaritzaren estetika eta elementuak dantzarako abiapuntutzat hartuta. Gai batzuen tratamenduan esplizituegia egin zait antzerki-dantzaren diseinua, baina seguru nago ibilbide oparoa egingo duela Euskal Herriko leku askotan, jatorrizko ideiaren garapenagatik eta euskal dantzan erakutsi duten fineziagatik.
Ikusten denez, figura handiak eta lan bikainak elkartu dira Maratila ekimenean, baina kalitatearen gorentasunak are mingarriagoa egin du publikoaren erantzun urria. Azalpenen bat bilatzen hasita, ulertu behar dugu egunotan beste ekitaldi asko izan direla inguruan —Literaturia jardunaldiak nagusiki, ACT jaialdi amateurra, orain gutxi izandako Leioako Umore Azoka…—. Bestetik, jakina da ezin dela lehenengo batean arrakasta handirik lortu, eta gainera, kontuan hartu behar dugu eguraldi onarekin areto guztiak husten direla. Beraz, pentsa dezagun aurtengoa hasiera besterik ez dela izan eta ekin diezaiogun sareak josteari eta estrategiak indartzeari, oraingo ilusioarekin ereindakoa datozen urteetan haziko delako, maratilak zabaldu eta leihoak euskal sorkuntzetarantz ireki daitezen.
Analisia
Maratilak zabaltzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu