gorka erostarbe leunda

MTV eta kultur apropiazioa

2018ko urriaren 19a
08:56
Entzun

Berri Txarrak taldeak aritu beharko luke MTVk Bilbon —azaroaren 3rako— antolatu duen kontzertuan? Zale askoren buruan bueltaka dabilen galdera da egunotan. Hautsak harrotu dituen ez dakit, baina debatetxo bat eragin du kontuak.

Euskararen eta, nahi bada, euskal komunitatearen gorpuztearen ardatzari lehentasuna ematen diotenek defendatuko dute euskarak nonahi egon behar duela, erakundeetan eta kaleetan, mainstream-ean eta underground-ean, San Mamesen eta gaztetxean... Eta nekez egin dakioke aurre argumentu horri. Euskararen ikus-entzungarritasunaren oihartzunari erreparatuta, Berri Txarrak nazioarteko sona izango duen ekitaldi horretan egoteak badu pisu estrategiko-sinbolikoa-edo. Besterik da, Piztu Bilbo-Itzali MTV herri mugimenduak ondo salatu duen bezala, zer ekarpen kultural, ekonomiko nahiz sozial egiten dion ekitaldiak Bilbori; eta gehituko nuke nik, bertan parte hartuko duten taldeei ordaintzen zaienarekin, baita Berri Txarrak-i ere, zein kultur programazio egin ahal izango zatekeen urte osoan... Zaharrak berri, Guggen Hirian.

Ardatz kulturalari eta, preseskiago, musika kontu soilari erreparatuta, aldiz, oso ulergarria egiten zait Berri Txarrak hor egoteak ezinegona sortzen dienen jarrera; primeran ulertzen dut zauria ireki dezakeela ibilbidea herriko gaztetxe eta plazetan hasitako taldearekiko afektibitatean.

Baina begira dakioke beste talaia batetik ere Berri Txarrak-en fenomenoari: euskal musika panoramak ere, hizkuntzaren sendotzeaz harago, behar ditu bere ikur mainstream-ak, totemak, bai zenbaitek dioen bezala komunitate masa bat badagoela sinisteko, baina, nire ustetan, eta printzipalki, haren fenomenoaren kontraposizioan sortuko direlako talde, musikari eta estetika berriak, kultur mugimendu bizi guztiek behar duten kontrarako mugimendu pendularrean.

Hori bai, Gorka Bereziartua kazetariak Argia-ko bere blogean ttak argitu duen moduan, batez ere MTVk sartutako gola izan da Berri Txarrak egitarauan sartu ahal izatea. Eta horrek bai dakarkidala gogora kultur apropiazioaren eztabaida. Rosaliak flamenkoaren zenbait elementu erabiltzea ez da apropiazioa; Berri Txarrak-ek hardcore yankiarenak erabiltzea ez den bezala. Kultura mugimendua eta kutsatzea baita. Purutasunik ez da kulturan; ez beharrik ere. Baina Universal diskoetxe transnazional erraldoiak Rosaliaren irudia globalizatzea edo MTVk Berri Txarrak bere esparrura eramatea bada kultur apropiazioa. Kapitala kapitain izanik eginiko apropiazioa; eta horretan taldeek/sortzaileek ere badute erantzunkizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.