Aste honetan, Zain fundazioaren aurkezpena egin dute, Gasteizen. Kultur ondarea ikertzeko eta suspertzeko helburua duen fundazioak erakunde publikoen babesa du. Jaurlaritza eta Gasteizko Udalaz gain, Euskal Herriko Unibertsitatea bertan egotea pozteko moduko albistea da. Horrelako ekimenetan unibertsitate publikoa baztertzeko joera ohikoa delako-edo, estimatzekoa da fundazioaren aurkezpena.
Ondarearen gaia gizartearentzat garrantzi handikoa dela iruditzen zait, eta Zainen aurkezpenean Kultura sailburuak esandakoarekin ados nago: «Ez dago kulturarik ondarerik gabe, ez gizarterik memoriarik gabe», esaldiarekin, alegia. Hala ere, sarritan istiluak sortzen dira ondarea babesterako orduan; Praileaitzeko auzia gogoratu besterik ez dago. Horregatik, EHUren parte hartzea animatzeko moduko erabakia da, interes pribatuen konfliktoek erakunde politikoetan eragin handiegia izan ohi baitute.
Gasteizko Santa Maria katedralean aspalditik egiten ari diren lanen itzalpean sortu bada ere, EAEko eta, ahal izanez gero, Euskal Herriko ondare kultural guztiaren gaineko ikerketara eta suspertzera zabaltzea espero dugu. Azken urteetan lan asko egiten ari da ondorea ikertzeko eta jendearen artean zabaltzeko, nahiz eta ahalegin solteak eta turismoarekin lotuegiak izan. Ahalegin hauek guztiak elkartzea edo sarean jartzea izan daiteke fundazioaren beste egitekoa.
Hala ere, aurkezpenean botatakoen artean, ez da nahikoa azpimarratu, nire ustez, dibulgazio hitza, eta horren ordez, gehiegi aipatu dira teknologia, garapen ekonomikoa edo enplegua sortzea. Arkitektura, ingeniaritza, informatika edo puntako teknologiari, artearen historia, historia, soziologia edo, orokorrean, hausnarketa teorikoari baino garrantzi handiagoa ematearen tentazioa kezkatzeko modukoa da. Albistea egunkarietan irakurri ondoren jasotako susmoa izateaz gainera, azken urteetan unibertsitateak hartutako bidea ikusita eragindako mesfidantza ere bada. Espero dezagun zientzia guztiak, hau da, giza zientziak eta teknikoak, elkar ulertzeko edo elkarrekin lan egiteko esparrua bilatzeko tokia izatea Zain delako fundazio berri hori.
Artea. Begiz
Ondarea zaintzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu