Lorea Agirre.
Katuajeak

Oparotasunaren logoak (eta III)

2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Eta hala ere kultura egunero sortzen da. Hobeto esan, sortzen dute, horretan dabiltzan sortzaile, eragile, ekimen, talde eta erakundek. Horietako asko, sortzaileen artean ia gehienak esate batera, ez dira euren sormenetik bizi, bizitzekoa beste nonbait ateratzen dute, eta hauetako asko, herri musikariak esate batera (pop hitz ingelesaren zentzu zabal eta jatorrizkoenean, ez estilo konkretuan), logorik ikusi ere egin gabe bizi dira, euren lana autogestionatuz, euren zirkuituak osatuz eta kultur sormenak kaleratuz, herri kulturaren katea atzotik gaurrera ekarriz eta gaurtik biharrera eramateko bidea irekiz. Izan horretaz kontziente edo ez, eta horieskertu beharrekoa da.

Inork esan lezake, hori bizi-iraupeneko kultura bat baino ez dela, krisi ekonomikoaren parametroetan bete betean kokatzen dena. Eta ez luke arrazoi faltarik. Egia da krisi ekonomikoaren ondorio den kultur sistema bat dela, eta izan dela beti, baita krisi ekonomikorik batere egon ez denean ere, are oparotasuna baino egon ez den garaietan ere. Egia da ekimenak orokortu, zabaldu eta sostengatu egin behar direla, laguntzak behar diren moduan banatu, egoerak eskatzen duen modura, dagoena indartzeko asmoz, egiturak zurkaiztu, logorik jar dezaten eskatu beharrik izan gabe. Egia da, baita ere, sortzaileak bere lanetik bizitzeko aukera izatea on litzatekeela.

Baina ez da gezurra, bestalde, euskal kultura egoera horretan sortu izan dela azken berrogeita hamar urtean. Horixe frogatu da behin eta berriz: diru irabazirik eman ez duenetan sortu daitekeela kultura, sortzen dela; diru irabazia ez dela akuilu izan sormen lanak kaleratzeko, beste zerbait baizik: dela barne bulkada, dela norbere komunitateari ekarpen bat egiteko gogoa, dela norbere kulturari jarraipena emateko nahia. Dela. Eta baita sortu den kultura berritzaileena eta arrisku handienak hartu dituena hortxe sortu dela. Bizi-iraupeneko parametro horietan.

Sormenaren logika ez da diruarena, ez da merkatuarena. Ezin du hori bakarrik izan, eta merkaturik gabe ere (diru irabazirik gabe ere) sormenak behar du egon, nahiz eta azkenaldian merkatuaren neurrira murrizteko joera etengabea den. Sarritan logoak ere eskaera hori dakar berarekin, izan dadila kultura salgarria, erakargarria. Salgarria izatea zeri deitzen diogun, zer dagoen horren azpian ikusi nahi ezta bezala; kontutan izan gabe zerbait aldakorra eta hezikorra kontsumoa dela. Ez dago moda baino gauza ereingarriagorik, eta kontsumitzailearen gogoa manipulatuko duen tresna eraginkorragorik. Urtaro bakoitzak irakasten digu lezio bera.

Bere alde txar eta onekin, bizi-iraupeneko kultura da gurea, parametro horietan bizi dena. Krisi ekonomikoan hazia, larre motzean, larreak luze egon direnean ere. Hau guztia ere bada euskarazko kulturaren argazkiaren zati bat, osoa ez bada ere. Larre luzeko garaietan logoak nora joan diren ikusteak osatzen du argazkiaren beste zati bat. Horregatik egiten da mingarri euskal kulturak krisi garaiok kontutan izan behar dituela entzutea kultur agintari politikoen ahotik. Krisia kontuan hartu behar da, denok jabetu behar dugu horretaz. Ez dugu lerrorik bertan behera utziko, baina denek izango dute murrizketa. Buruz dakarzkit hitzak. Logoak gutxiago ekarriko duela bere baitan. Denok berdinak bagina bezala, bai beharretan eta bai bizi-iraupen gakoetan. Noiz ez da ba krisi ekonomikoan egon euskarazko kultura. Noiz izan da lehentasun, bada. Krisiak ez dira berez txar, aprobetxatzen jakinez gero, hau da lehentasunak markatzeko erabiltzen badira, lehentasun izateak halabeharrez dakartzan eraldaketa deserosoak koherentziaz onartzea eta aurrera eramatea esan nahi duenean.

Oparotasun ekonomikorik ez du ezagutu euskal kulturak. Ez dakigu horrek sormen lan hobeak ekarriko lituzkeen. Hobeak, ezagunagoak, ase-betegarriagoak, zergatik ez mundu justuago bat egiten lagunduko luketenak. Ez dakigu. Baina, nago, probatuko genukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.