Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu

Peckinpah ez da existitzen

2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Sam odoltsuaren Straw Dogs filmaren (1971) remake-a zuzendu du Rod Luriek. Badirudi dirua irabazteko modu eraginkorrenetakoa dela klasikoak behin eta berriz egitea. Baina fenomenoa uste baino konplexuagoa da, eta gaur egungo garaia primeran islatzen duen adibidetzat har daiteke. Jainkoaren osteko gizarte honetan denak balio du, eta autoritatea eta sakratutasuna ezbaian jartzeko unea dela esaten zaigu. Hitchcocken Psycho maisulanaren (1960) remake-a egiteko ideia eduki zuen Gus Van Santek 1998an, eta, jatorrizkoa planoz plano eta elkarrizketarik aldatu ere egin gabe berregingo zuela adierazi ostean, sekulako polemika sortu zen. Polemikari esker jendearen arreta bereganatzea lortu zuen estatubatuarraren egitasmo berriak. Dirua irabazteko estrategia bat besterik ez zela salatu zuten kritikoenek, baina badirudi kritikoei soilik dirua interesatzen zaiela. Van Santek ahalguztidunaren autoritatea zalantzan jarri zuen esperimentu probokatzaile horren bidez. Batzuentzat adarjotzea zena, beste batzuentzat tradizioarekin haustea esan nahi zuen. Zinemaren fanatiko sutsuek zinemagilea urkatzeko nahikoa arrazoi bazituzten. Homosexuala izateaz gain eta New Queer Cinema mugimenduaren inspirazio handienetakoa izateaz gain, Hitchcocken obraren perfekzioa zalantzan ipintzera ausartu zen. Gizartea aldatuz doan heinean narrazioak ere aldatu egiten dira nahitaez. Norbaitek historiaren pasarte bat edo mito edo ipuin bat kontatzen duen bakoitzean, testua eraberritu egiten da. Beraz, originalaren eta kopiaren arteko eztabaida antzua gertatzen da, narrazioa kontatzen den bakoitzean sortzen baita. Barthesek egilearen heriotza aldarrikatu zuen; testuari zentzua ematen diona irakurlea da. Testuak gizarte osoaren jabetza dira. Historia ez da iragana arakatzea soilik: momentuko behar eta desirei erantzutea du helburu. Beraz, ez da harritzekoa Jainkoaren ostean Hitchcock edo Peckinpah hil nahi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.