Piztiak bizi diren lekura abiatu da Max, 10 urteko umea. Piztiak bizi diren lekua berak sortutako mundua da, mundu errealetik ihesi eraiki duen imajinaziozko aterpea. Umetxo izatetik ume-gaztea (hala esaten du beste Max batek) izateko bidean da, bi urrats atzera eta bat aurrera dabilena. Bere neurriko mundua sortu du, bera da mundu horretako errege, piztien errege, piztia guztiak tristuraren kontrako erregetzan biltzea lortu baitu. Hortxe dago amorrazita bizi den piztia, barrenak dena txikitzeko agintzen diona, eta Maxen lagun handiena dena; bestea, berriz, esaten duena inork entzuten ez diona, ikusezina balitz bezala, beti inoren onarpenaren bila dabilena; hurrengoa, zitala eta mesfidatia, Max benetako errege bat den zalantzan jartzen duena; beldurtia, hurrena, guztiari bainak jartzen dizkiona; bere kaxa dabilena, taldetik urruti, lagun berriak egiten, hurrengoa; barkaka nahiago duena, beste bat; beti egia, goxo baina beti egia, esaten duena, hango hura; eta gehiago. Horiek, Maxen munduko piztiak. Eta piztia guztiak dira Max bera, denak daude beregan, eta denak daude elkarrekin borrokan. Bihotz borroka horiek sortzen dioten ezinegona, koroa jantzi eta tristuraren aurkako super-botereak baliatuz sortutako betirako pozaren erregetzarekin konpondu nahi du. Eta nork ez?
Eta nork ez? Nik ere bai, eta baita beste Max horrek ere. Berak ere bere barne piztien arteko bakea nahi du, piztia guztien Ondo pasatzearen Errege izan, jolasean eman egunak, zirikatzen, bihurrikeriatan lagunekin, barrez lehertzen, baloiari ostikoka, eta minik ezagutu ez, bakardaderik jasan ez, talkarik sortu ez, umiliaziorik jaso ez.
Beste Max horrek begi ertzetik bezala begiratu dio Maxen ibilerak kontatzen dituen pelikulari ikusi duen lehen aldian. Errezeloz bezala, kopeta zimurtuta, baina hasi eta buka, osorik ikusi du. Gustatu zaio baino ez zaio gustatu. Ulertu du baina ez du ulertu. Beldur ematen dio baina ez dio beldur. Ez du berriro ikusi nahi. Amak eta biak film bat ikusi behar dutela, eta dvd kutxatik horixe atera duen arte. Eta gustatu zaio. Eta ikusten duen aldiro bada zerbait berria, hau eta hura, piztia horrek zergatik egiten duen hori, noren antza ote duen besteak, eta batzuetan beste Maxen antza du, bestetan amarena, bestetan biena. Gehienetan piztia guztiak biak dira. Biak gara.
Eta Maxen historiarekin, beste Max umetxo izatetik ume-gazte izateko bidaian abiatu da, eta ama, beste Max berarekin denetik jaioberritu, umetxotu eta umetu izan den bezala, ume-gaztetzen ari da orain. Horixe dauka beste Max alboan izateak: bigarren mundualdi bat bizitzeko aukera ematen duela. Eta hori euren bizitzetan beste Max bat duen edozein helduk daki. Hori pagotxa.
Hauxe pagotxa, umeentzako ipuin batekin mundu oso bat deskubritzea, barne eta kanpokoa, lehengoa eta oraingoa, eta bestearekin partekatzea, eta elkarrekin haztea, heltzea eta umetzea.
Piztiak bizi diren lekuan ipuinaren egileak dagoeneko beste munduren batean behar du. Maurice Sendak umeentzako ipuinen idazle eta ilustratzailea oraintsu hil da, 83 urterekin. Liburu andana bat utzi du, horietan ezagunena Where the Wild Things Are ipuin ilustratua da, istorioa bezain ona dituena marrazkiak. Sendak beti araua hausten aritu da, umeak zer behar duen izan dioen gizartea zalantzan jartzen, bestelako estetika bat lantzen, umetutako begirada heldu bat eskaintzen. Azken mendeko ipuinlari eta ilustratzaile onena izan dela diote obituarioek. Ez dakit hala den. Beste Maxentzat bai.
Katuajeak
Piztiak bizi diren lekuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu