Juan Luis Zabala
Analisia

Saizarbitoria eta isilaldiak

2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Hamabi urteko tartea dago Gorde nazazu lurpean-etik Martutene-ra, egia da hori, baina kasu honetan ez du balio «hamabi urteko isilaldiaren ondoren» hitz elkarketa topikoaren erabilerak, bitarte horretan plazan izan baitugu Ramon Saizarbitoria, bizi-bizirik, askotariko agerpenetan: artikuluak, Kandinskyren tradizioa gazte literaturako nobela, hitzaldiak, mahai inguruak, elkarrizketak, sariak… Ramon Saizarbitoriaren benetako isilaldia bestea izan zen, Ene Jesus!-etik Hamaika pauso-ra bitartekoa, 1976 eta 1995 artekoa. Hura bai isilaldia hura!

Ene Jesus!-en ondotik, berez, isiltzea zegokion Ramon Saizarbitoriari, ohean etzanda sabaira begira geratzea zazpinaka kontatzen, Samuel bezala. Egina zeukan bide oso bat, obra bete bat, emana zion dagoeneko idazle ezinbesteko bat euskal literaturaren modernizazioari.

Baina, nobelagile petoa izaki ezin bestela eta, Ramon Saizarbitoria plazara itzuli zen 1995ean. Guztiz aldatuta zegoen plaza hura, ia-ia beste bat emateraino: askoz ere populatuagoa, modernoagoa, urbanoagoa, eklektikoagoa… Idazle adiskideekin batera, kazetariak ere ez ziren gutxi Hamaika pauso aurkeztu zuenean; liburuak, lehen ez bezala, aurkeztu egiten baitziren ordurako prentsaren aurrean. Guztiz aldatuta zegoen plaza hura, ia-ia beste bat izateraino.

Ia-ia beste bat izateraino berritutako plaza horretan ere bide oso bat egiten ari da Ramon Saizarbitoria, obra bete bat, eta beste idazle ezinbesteko bat ematen ari zaio euskal literaturari, izen berarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.