Jon Eskisabel.
Ilaran

Seiko urrea

2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Iazko abuztuan ireki zituen ateak, Bilboko Aste Nagusiaren barruan, eta urriaz geroztik egitarau egonkorra eskaintzen du. Ia astebururo dago zerbait, antzerkia gehienetan, baina dantza eta musika emanaldiak ere hartzen ditu. Eta erakusketak: orain Idoia Beratarbide marrazkilari eta ilustratzailearen Memoria zulatua lana osatzen duten irudiak daude hormetan zintzilikaturik. Sei hilabeteotan, euskal konpainien obrak taularatzeari eman diote lehentasuna, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak (Errautsak; Hura ez da lekua; Ecografías; Ella, la espera; Hienas rellenas…); emakumeen sorkuntzari eskainitako eMe Fatal izeneko ziklo bat antolatu dute, eta tarteka kanpotik etorritako taldeen lanak aurkeztu dituzte.

Nik asteburu honetan, Kukubiltxoren Oilo hilak lanaren estreinaldian ezagutu dut bertatik bertara Pabellon 6 arte eszenikoen aretoa. Maiz gertatzen da: egitasmo bati buruzko informazio ugari jaso izanagatik, norbere begiekin ikusi arte ez du batek haren interes eta garrantziaren benetako kontzientzia hartzen. Hara joan beharra dago eta zuzenean egiaztatu, ezagutu. P6-k merezi du, gutxienez, bisita bat. Eta aretoak bezainbeste, ingurune fisikoak zein artistikoak. Izan ere, Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre auzoen arteko mugan dago, zerbitzuetara emana den hiri modernoan etxe eta fabrika zaharrek eta langileen tabernek oraindik zutik dirauten xarma handiko bazter batean. Eta behin hara joanda, derrigorrezkoa da ZAWP Zorrotzaurre Art Working Progress izeneko gunetik ere buelta bat ematea. Papelera del Nervion enpresaren egoitza izandako eraikinean, arkitektura, argazkigintza, diseinua, artea edota ekologiarekin lotutako sorkuntza proiektuak aurrera eramateko lantegiak hartzen ditu Haceria Arteak elkarteak 2008an martxan jarritako proiektuak. Atzerriko hiri batean gaudelarik turismo alternatiboa egiteko gogoa pizten zaigunean, horrelako lekuetara joaten gara, eta ia beti esaldi berberarekin borobildu ohi dugu bisita: «Horrelakorik ez dago Euskal Herrian…».

P6 arte eszenikoetako eragileek sortu dute —aktoreak, dantzariak, soinu eta argiztapen teknikariak daude hamahiru sortzaileen artean—, eurek jarri dute dirua, eurek antolatu dute bazkide kanpaina eta lortu 200 lagunen diru laguntza, eta eurek kudeatzen dute aretoa. Sarrerak saltzen ere jarri dira. Ederra da jarrera aktibo hori, eta beharrezkoa gaur egun. Orain arte autogestioan oinarritu dute proiektua, baina berau bermatu eta garatze aldera instituzioetara jotzeko asmoa dute epe labur-ertainean. Bilboko Udalak ez zuen ordezkaririk bidali inauguraziora, eta, hortaz, ez dakigu zer pentsatzen duen honetaz. Lagunduko al ditu, haren atea jotzen dutenean? Eta, batez ere, zer egingo du udalak Zorrotzaurre goitik behera eraldatzeko diseinatutako Master Plan egitasmo urbanistikoa inoiz gauzatzen bada? Beste leku bat eskainiko die ala kale gorrian utziko ditu?

Duela aste batzuk Arte Bizia plataformak zuzeneko ekitaldien egoera larriaz egindako ohartarazpenari garrantzi pittinik kendu gabe, gaur, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, euskal antzerkigintzak itxaropentsu izateko arrazoirik ere baduela uste dut. Sektoreak berak sortu du itxaropen hori, ez dio beste inork oparitu. Ekoizpenaren aldetik, badira 80ko hamarkadaren osteko unerik gozoenean dagoela diotenak, baina autoeraketaren arloan ekimena hartu eta etorkizunik izango bada, berau eraikitzeko tresna propioak sortzeak ekarri du aldaketa kualitatiboa. Eta sektoreko eragile profesionalak eta amateurrak inplikatu dira horretan. Urteetako geldiunearen ostean, mugimendua sumatzen da, kezka komunen inguruko hausnarketa kolektiboa. P6 horren emaitza da, lehenago Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen sorrera, Luhusoko Harri Xuri ekoizpen zentroaren zabaltzea, Ipar eta Hego Euskal Herriko taldeen arteko lankidetza gero eta sarriagoa edota Artedramak 2006. urteaz geroztik antolatzen dituen Artedrama Euskal Laborategia topaketak —aurten apirilaren 9tik 15era egingo dituzte, Aulestin— izan ziren bezala… Zailtasunak zailtasun, bide berean egindako urratsak dira, zaindu, sendotu eta garatu beharrekoak.

Oier Guillan antzerkilariak Eskuorri Galdua bere blogean idatzi zuenez, euskal antzerkiaren berpiztea baino gehiago hura «azaleratzeko, ikusarazteko eta baloratzeko dugun moduaren aldaketa»gertatu da. Eta gehitu zuen: «Ezin gara garai hobeagoen zain geratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.