Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Sibaritak

2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Kontatzen dute historia liburuek Grezia zaharrean Sibari hiriko bizilagunak beren gustu berezi eta finengatik zirela ezagun. Garai hartan Mediterraneo itsasoko pasabide garrantzitsuenetako bat izaki, eraiki bezain laster bihurtu zen Sibari hiri aberats, eta laster aberastu ziren bertako bizilagunak ere. Sibaritek janzkerari, jatekoari eta orokorrean zeramaten bizimoduari zegokienean ez zituzten onartzen beren gustuen arabera zakarrak edo desegokiak izan zitezkeen jarrerak. Orduko kronisten arabera, belarri finekoak ere ba omen ziren. Hagitz finekoak. Hain finekoak, kontatzen dutenez, zarata sortzen zuten artisauak —izan arotz, izan errementari— herrigunetik aldentzen zituztela. Ez zituzten onartzen herriko karriketan lanean. Horiez gain, dozenaka pasadizo iritsi zaizkigu sibaritei buruz. Denak estrabaganteak, eta, seguru aski, gehienak gehiegizkoak, greziarrengan sortu zuten gorrotoaren eta ezinikusiaren adierazgarri. Edozein modutan, kronika guztiak bat datoz hiriaren amaieraren berri emateko orduan. Zaldi gainean abilak omen ziren sibaritak: lortu zuten zaldiek musikaren erritmoan dantzatzen ikastea. Eta bisitarien aitzinean harro erakusten omen zituzten beren zaldien abileziak eta fintasunak. Kristo aurreko 510. urtean, Krotona hiriari guda deklaratu eta laster batean iritsi zitzaien gainbehera. Krotonatarrek ez zuten lan handirik izan euren etsaiak nola garaitu asmatzeko: Sibariko zaldunak pare-parean jarri zitzaizkienean, armak lurrean utzi eta musika egiten hasi omen ziren, eta, jakina, beraien etsaien zaldiek borroka utzi eta dantzatzeari ekin zioten. Handia izango zen benetan sibaritenganako gorrotoa: guda irabazi eta gero Kratis ibaia desbideratu eta Sibari ur azpian utzi zuten betiko, berreraikitzeko modurik izan ez zezaten.

Ez dakit ezer ikasi ote dugun sibariten adibidetik. Susmoa dut ez ote garen bihurtu gaurko sibaritak, eta ze musikarekin garaituko gaituzten pentsatzen haste hutsarekin belarriak ere dardarka jartzen zaizkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.