Anekdotarekin has ninteke liburu honen ekarpena nabarmentzen, esanez: Zizek ere biltzen duen liburu kolektibo batek garrantzitsua behar du izan! Ia bi urte joan dira Ibon Rodriguezek eta Leire Lopezek, Gernikan disko entzunaldiak (bai, 70eko hamarkadako ohitura hura) eta kontzertuak antolatzen dituen Kafea eta Galletak-eko arduradunek, ia beste 200 laguni egindako proposamen berbera egin zidatenetik. Disko bat aukeratu behar nuen, eta hari buruz nahi nuena idatzi, liburu batean azaltzeko. Enkargua egin zidatenetik urte erdira bidali nien testua. Eta orain hor dago, luze itxaron ondoren, beste 120 disko irakurketekin batera, Kafe aleak liburuan.
Aitortu behar dut nire aurreikuspenak gainditu egin dituela liburuak. Ez dakit zehazki zer espero nuen, hori ere egia da, baina eskuetan hartu eta gainbegiratzen hasi orduko jaso dudan lehen inpresioa izan da liburu mamitsu eta dotorea dela. Asko dago irakurtzeko, eta zainduta dago aurkezteko modua. Sakonago aztertuta, harritu nau testuen askotariko joerak. Bo Diddleyren lan homonimotik (1958) Rafa Berrioren 1971 diskora (2010), ordena kronologikoan zerrendatutako 121 diskorekin lotutako oroitzapen pertsonalak, saiakera filosofikoak, iruzkin kritikoak, elkarrizketak, ipuinak eta poesiak biltzen ditu liburuak. Are, hitzen ordez irudi bat (argazkia edo ilustrazioa) aukeratu dute bakan batzuek. Eta kasu batzuetan diskoa aitzakia izan da bestelako kontuak aipatzeko: esaterako, Ismael Manterola Ispizua arte kritikari eta irakasleak Brasilgo bi artistari buruz hitz egiteko baliatu du Seu Jorgeren Cru diskoa, eta Ritxi Aizpuru musika editoreak gustuko dituen hainbat talderen izenek sortzen dizkioten liskarrez jardun du D.A.F. taldearen harira. Hurrengo testuak nondik joko duen ez jakite horrek irakurketaren interesa areagotu egin du nire kasuan. Halaber, jatorrizko testuak orrazten, itzultzen eta maketatzen egindako edizio lana nabarmendu behar da.
Gaztelaniazko esamolde bat ekartzea dagokit orain. Para los muy cafeteros (oso kafezale direnentzat) erabiltzen da adierazteko oso zaleak direnentzat bakarrik dela zerbait gomendagarria. Disko zerrendari erreparatuta, liburu honek oso musikazaleen interesa bakarrik pitz dezakeela pentsa daiteke. Hautatutako diskoen artean ez baitago, esaterako, The Beatles, The Rolling Stones edota Bruce Springsteenen alerik, eta bai, ordea, Laddio Bolocko, This Heat, Coral Infantil de Cantaires del Cadi, Julie Driscoll, Brian Auger & The Trinity edota Paul Robesonenak. Baina gutxieneko zaletasun bat duen edozein irakurleri aski ezagunak egingo zaizkio artista eta disko gehienak. 121 diskoetatik 24 dira euskarazkoak (bitxia iruditu zait, inork ez du Mikel Laboaren diskorik aukeratu), eta ingelesa nagusi bada ere, badira frantsesez, portugesez, gaztelaniaz, katalanez, grezieraz eta alemanez abestutako aleak ere.
Zizekekin edo gabe, uste dut liburu garrantzitsua dela Kafe aleak. Euskarazko musika liburuen eskaintza urriari ezohiko ekarpena egiten dio; horrenbeste lagun, Euskal Herrikoak zein kanpokoak, euskarazko liburu batean inplikatzeak meritua du; eta kontzertuetatik at gero eta gehiago eremu indibidualera mugatzen ari den musika zaletasuna—edo nire irudipena da bakarrik?—esperientzia kolektibo bilakatzeko ahalegina da.
Francesco Tonucci psikopedagogo italiarrak esaten du haurrei liburu bat irakurtzearen plazer hutsez irakurtzeko eskatzea, bestelako lanik agindu gabe, irakasle batek eskolaren kontra egin dezakeen «proposamenik iraultzaileenetakoa» dela. Ez ote da hori Kafea eta Galletak proiektuak saio bakoitzean, disko bat elkarrekin patxadaz entzuteko aukera emanez, hartzen duen jarrera? Ramon Basanta musikazaleak bere kafe alean idatzi duenez, «[disko] aukeraketa honek ez du axola handirik. Axola duena da bestelako gauzak entzutea ahalbidetzen duten egoerak sortzea, testuinguruak sortzea musika entzuteko, eta ez soilik kontsumitzeko. Gaur egun ekintza subertsiboa dena».
Ilaran
Subertsiboa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu