Zaila da irudikatzea zer izango zen gerra ondorengo garai ilunetan onartuta ez zegoen artea egitea.
Gerra ondorena gerra bera baino arriskutsuagoa eta bortitzagoa izan zela iruditu zait beti, batez ere beldurrak agintzen zuelako. Horregatik, miresteko modukoa da kultur alorreko hainbat gizon-emakumeren ausardia gerra aurreko kultur egoerarekin lotzeko.
Artistak atzerrian, espetxean edo isilik egotera zigortuta zeuden garaian, gazte batzuek egin zuten ahalegina aurreko belaunaldiarekin harremana ez galtzeko eta su txiki hari bizirik iraunarazteko, txapela kentzeko modukoa da.
Nazionalkatolizismoak kontrolatutako kultur egoera ilun eta miserable hartan pintura akademikoa besterik ez zen onartzen giro ofizialetan. Ekimen pribatua eta artista batzuk izan ziren Euskal Herria basamortua bihur ez zedin ahaleginak egin zituztenak, beti ere arriskuan edo zentsuraren begiradapean.
80 urterekin hil berria den Ricardo Toja pintore horietakoa izan zen. Arteta, Tellaetxe eta, batez ere, Uzelaik zabaldutako bidean sakontzea egokitu zitzaion 40ko hamarkadan, ikasketa garaian. Trebea zenez, heldutasunera goizegi iritsi zela iruditzen zait, eta, horregatik, adinekoak zituen beste artisten ausardia ez zuen eduki pinturaren bide berritzaileak jorratzeko. Hala ere, bere pintura ez zetorren gustu ofizialarekin bat. Ez zitzaion abangoardiako bidea interesatu; beraz, gaur egunetik begiratuta, zaila da ulertzea zergatik ez zuten onartzen bere pintura 40ko eta 50eko hamarkadetan.
Geroago, talde eta artista iraultzaileagoak azaldu zirenean, alde batera baztertuta geratu zela ematen du, historiografian gehiegi azaltzen ez delako.
Gerra ondorengo artisten patua izan zen: gerra aurreko egoeraren oroimenari bizirik eutsi nahi izatea eta ausartagoak izan ziren artisten olatuak estalita desagertzea. Tartean geratutako artistak dira, gerrak ikasketak errotik moztu zizkien eta konturatu baino lehenago modaz pasatako artistak ziren.
Hala ere, Tojak ez zuen etsi eta bere bideari tinko jarraitu zion aste honetan hil den arte. Figurazioari inoiz uko egin gabe, bide pertsonala bilatzen, marrazkia menperatzen tematua, kolorearen desorekak orekatzen pasatu ditu ia 70 urteko bizitza profesionala.
Artea. Begiz
Toja
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu