Ismael Manterola
Artea. Begiz

Topografia berriak

2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren museoan bi erakusketa batera ikusteko aukera izan genuen urtarrilaren hasiera arte, Antonio Lopez pintore espainiarrarena eta New Topographics argazki erakusketa. Harrigarria iruditu zitzaidan batek izan zuen oihartzuna eta bestea ia konturatu gabe pasatzea.

Masentzat egokia omen zen Lopezen erakusketa komunikabide guztiek lagunduta zabaldu zen, eta horrek berak ilarak eragin zituen museoaren aurrean. Komunikabideek ilarak berri bihurtu zituzten, eta ondorioz ilarak hazi egin ziren hurrengo asteburuetan. Bitartean, New Topographics erakusketa, lasai ikusteko modukoa baino gehiago, ia bakardadean ikusteko modukoa zela esan daiteke.

Estatu Batuetatik zetorren argazki erakusketa horrek 1975ean egindako beste erakusketa batean aurkeztutako argazki bilduma jasotzen zuen. New Yorkeko George Eastman House erakundean New Topographics: Photographs of a Man-Altered Landscape (Topografia Berriak: gizakiak eraldatutako paisaien argazkiak) izenburupean, Robert Adams, Lawis Baltz, Bernard eta Hilla Becher, Joe Deal, Frank Gohlke, Nicholas Nixon, John Schott, Stephen Shore eta Henry Wessel-en argazkiak bildu zituzten.

Paisaia ikusteko eta irudikatzeko modu berria zen. Gizakiak eraldatutako tokiak ez ziren ikusgarriak, nekez esango genuke ederrak direla, eta, hala ere, argazkigintzan izugarrizko eragina izan zuen ikuspuntuari hasiera eman zioten. Hutsalak eta, sarritan, itsusiak ziren lekuak argazkitan azaltzeko modukoak zirela erabaki zuten argazkilari gazte, eta ez hain gazte, haiek. Estatu Batuetako elkarri atxikitako etxebizitza auzoak, etxe aurrean aparkatuta dauden karabanak, aspaldi utzitako eta ia erorian zeuden fabrika handiak, Floridako plastikozko palmondoak, eta abar ziren argazkigintzarako aukeratutako gaiak.

Irudikatzeko era, berriz, zuzena eta hotza, gizakiaren edo egilearen ukiturik gabekoak. Horrekin batera, tokiaren gaineko hausnarketa kontzeptual samarra sumatzen zitzaien argazkilari batzuen lanari. Land art edo Robert Smithson-en eragina nabarmena da erakutsitako argazki batzuetan, nahiz eta gero argazki estilo edo egiteko era bihurtu den.

Hain interesgarria zen erakusketa hori, baina, Antonio Lopezen itzalpean pasatu da, eta galdetu beharko genioke geure buruari zenbat ekitaldi interesgarri pasatzen diren ia ohartu gabe, komunikabideen fokua beste zerbait argiztatzen ari delako. Kulturaren mundua ikuskizun bihurtu denetik, komunikabideetako berriekin gertatzen den gauza bera gertatzen da: garrantzizkoa gertatzen ari den bitartean, hutsaltasunarekin entretenitzen gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.