Koldo Almandoz.
Donostiako 60. Zinemaldia. Plano subjektiboa

Ulertu

2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Javier Rebollo zuzendari madrildarrak —izen bereko zuzendari bilbotarrarekin ez nahastu— esandakoarekin ados nago: zinema ikuslegoa nagi bihurtu da.

Garai batean, denbora-pasaz gain, zinema aretora esperientzia berrien bila ere joaten ziren ikusleak. Egun, gure aurreikuspenak betetzen ez dituzten filmak baztertu egiten ditugu motelak edo ulergaitzak direla esanaz. Film bat motela eta ulergaitza izateak ez du txarra izan behar derrigorrez, baina eskemak irauli edo apurtzen dizkiguten lanak eskertu beharrean kritikatu egiten ditugu. Zinema, jarduera iraultzailea izatetik jarduera guztiz kontserbadorea izatera pasatu da, eta errua hein handi batean ikusleona da. Kuriositatea galdu dugu. Berrikuntzen aurrean ausardia falta zaigu. Umiltasuna ere askotan.Zinemagileak pelikula guztian zehar eskutik helduta eramatera ohitu gara. Guk gure kabuz osatu eta ulertu behar ditugun filmak ez zaizkigu interesatzen. Ulertu. Ulertu behar al dira Bach-en Goldberg Variationen-en doinuak? Ulertu behar al da Baselitz-en pintura? Ulertu gabe ere ezin gozatu Maya Derenen dantzaz?

Gizakiaz, paisaiaz, maitasunaz, sustraiaz... bizitzaz hitz egiten du Chaika filmak. Ezezagunak zaizkigu bertan azaltzen diren itsaso Baltikoa, Siberia eta Kazakhstan-ko paisaia eta jendeak, baina oso ezagunak zaizkigun sentsazio eta ezinegonakpantailaratzen dizkigu Miguel Angel Jimenez zinemagileak. Hitz egin baino, ikusleari sentitzeko gonbita egiten dio Chaika-k. Ez da espero nuen filma, eta horregatik soilik merezi zuen. Emak Bakia Baita. Altxor bat. Zinema egiteko eta ulertzeko modu ezberdinak daudela erakusten du. Zinema, industria bat izateaz gain poesia, zaletasuna eta artea ere badela erakusten digun film paregabea. Chaika filmeko lantaldean, ekoizpen eta arlo teknikoan euskaldun ugari dago. Emak Bakia Baita filmean, lantalde osoa gizon batek osatzen du. Parisko kaleetan, betazalak tximeleta baten hegoak bezala irekitzen dakiten neskei —actrices s'abstenircasting-a egiteko kapaza den gizon bakarra. Oskar Alegria.

Euskal zinema —edo euskaldunok eginiko zinema nahiago baduzue—ulertzeko beste modu bat ere badagoela erakusten duten bi film. Zinemaldi bakar batera edo maparen zati konkretu bateko ikusleentzat mugatzen ez dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.