Iritzia

Wislawa Szymborskaren pornografia

Maite Gonzalez Esnal
2012ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Lehen parrafoa. Kontuz kobel Saria irabazi zuelako ezagutu genuen, eta harez geroztik ez gara gutxi bakarka zein literatur irakurraldi irekietan behin eta berriz irakurtzen diogunok. Izan ere, horixe du on poema liburu batek: nahi duzunean, nahi erara eta nahi duzun lekuan, aldarteak eskatuta ala hautsa kentzean topatu duzulako, eskura izango duzu behin zimiko egin zizun poema.

Bere ahots sotilak, hurbilak, ondo-ondotik xuxurlaka aritzen zaiguna, beti liluratzen gaitu; ez bakarrik bere esateko molde apala, biluzia eta aldi berean sakonagatik, baita umorez, umiltasunez eta eskarmentu handiz halako Ontsa bizitzeko bidea eskaintzen digulako. Beharbada azken esaldiak barre txikia eragingo lioke Wislawa Szymborskari, nori esan ontsa nola bizi eta zeharo harropuztuta dagoen gizakiari, harri goroldiotsu zein hodeietan edaten duten txoriak baino etsiago gauden garaiotako gizon-emakumeoi. Asko jota ere —onartuko luke berak—, zeuen kabuz pentsatzera ausart zaitezten luzatzen dizuet gonbitea.

«Ez dago lizunkeria okerragorik pentsatzea baino», dio Hitz batzuk pornografiari buruz poemaren lehen ahapaldian. Esaldiak bere horretan Szymborskaren ahotsaren doinuaren berri ematen digu, erdi jolasean erdi txantxetan aske izatera deitzen gaituelarik. «Pentsatzea gordinkeria hutsa da, bitxiloreei dagozkien belardietan hedatzen den belar gaiztoa». «Pentsatzen dutenentzat ezer ez da sagaratu / Lotsarik gabe gauzak euren izenez izendatzen baitituzte / Egun argiz ala gauaren babesean / bikoteka, hirukoteka ala borobiletan / elkartzen dira… / Ez dio axola pentsalarien sexuak ez adinak / begiak dir-dir, musuak gorri / adiskideak adiskidea du gaiztotzen / zitaldutako alabak gurasoak ditu gaiztotzen… / Beste fruituak dituzte gogoko / zientziaren zuhaitz debekatuarena / ez aldizkari koloretsuetako ipur-masail arrosatuenak».

Bai, agian arrazoi du. Txantxaz esanda ere lizunkeria galanta da pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.