Aurtengo Zinemaldiko Sail Ofiziala azken urteotako onena izan dela aitortu dute adituek, eta faborito ziren ia denek sariren bat lortu dute. Hala ere, Gontzal Agote eta Gorka Bereziartua bat etorri dira bidegabekeria izan dela saririk gabe uztea Costa-Gavras ospetsuaren Le capital bikaina. Baina, bestela, adostasuna erabatekoa izan da. Carlos Boyero El País kazetako kritikariak adierazi du beste nazioarteko jaialdietan baino maila hobea izan dela.
Kalitatezko zinemaz gain, ikusmin handia piztu du Hollywoodeko izar distiratsuak etorri izanak. Donostia saria eskertu eta euren lan berriak aurkeztu dituzte, gainera.
Alfonbra gorria hurrengo urtera arte erretiratu badute ere, Zinemaldia ez da amaitu. Lehenengo aldiz, Donostiako Zinemaldiaz gozatu ahal izango dute bilbotarrek. Alondegian Zinemaldian estreinatutako sei film emango dituzte datozen egunotan. Zabaltegi Bereziak eta Zuzendari Berriak saileko filmak dira guztiak, eta zikloak igandera arte iraungo du. Gaur, 20:00etan, Fermin Muguruza musikari eta zinemagilearen Zuloak dokumental aparta ikusi ahal izango da. Bihar, Threes Anna idazle eta zuzendari nederlandarraren Silent City estreinatuko da. Rosa izeneko gaztearen ametsaren lekuko izango da ikuslea; Japoniara aldatuko da Kon maisuarekin arraina nola ebakitzen den ikasteko asmoz. Inkomunikazioa eta bakardadeari buruzko film poetikoa da. Etzi A Caretaker's Tale produkzio daniarraren txanda izango da. Katrine Wiedemann antzerki zuzendari ospetsuaren bigarren filma da, eta istorio poetiko eta polemikoa dakar gurera. Larunbatean, Scott Graham britainiarraren Shell emango dute, eta, igandean, zikloa amaitzeko, bi film estreinatuko dira: Le jour des Corneilles animazioko film paregabea eta Rocker Errumaniako zinema berriaren ordezkaria. Zinemaldian estreinatutako lanek azpidatziak dituzte; beraz, albiste pozgarria da lan horri guztiari probetxua ateratzea.
Zinema. Fantasien gatibu
Zinemaldia ez da amaitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu