Jon Eskisabel.
Ilaran

Ziztadak eta mokokadak

2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
BERRIA sortu zenutela bederatzi urte bete dira joan den astean, baina etxeko apalategian dagoen argazkia hilabete batzuk zaharragoa da. Guardia Zibilak egun batzuk lehenago indarrez itxitako Euskaldunon Egunkaria-ren egoitzaren aurrean, 150 bat kultur sortzaile ageri dira prentsaurrekoa ematen. Ez dago denentzat aulkirik. Zorionez, argazkilariaren abilezia, eserita egon arren askoren aurpegiak ikusten ahal dira, eta zutik daudenenak ere erraz identifikatzen dira. Antton Luku eta Klara Badiola, Antton Mendizabal eta Ramon Agirre, Patxo Telleria eta Igor Elortza, Kaki Arkarazo eta Mikel Laskurain, Harkaitz Cano eta Telmo Esnal, Maite Gonzalez Esnal eta Kepa Junkera, Mikel Markez eta Joseba Tapia… Eta mahai nagusian, mikrofonoen aurrean, ezkerretik eskuinera, Eneko Olasagasti, Juan Antonio Urbeltz, Anari, Anjel Lertxundi. Irudiaz gain, esaldi bat dut gogoan kultur sortzaileek egin zuten adierazpen hartatik. Gutxi gorabehera horrela zioen: «Guk Egunkaria nola irakurtzen genuen bezain inportantea zen Egunkaria-k nola irakurtzen gintuen gu». Kulturgintzarenetik beste edozein eremura eramanda ere, hor duzu edozein komunikabide sustraitzeko giltza.

Azken hilabeteetan, oso bestelako zirkunstantzietan, baina berriz ere sortzaileon beroa sentitu dugu euskarazko egunkari baten proiektuarekin modu batean edo bestean bat egiten dugunok: izan irakurle, izan kolaboratzaile, izan langile, izan iragarle… Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat egin dute orain arte bertsolariek, idazleek, musikariek, artistek, argazkilariek, ilustratzaileek eta antzerkilariek: beren sorkuntzaren bat utziz eman diote hauspoa kanpainari. Bere akats eta azierto guztiekin, babes hori eskatzeko sinesgarritasuna irabazia zuen lehen Egunkaria-k, eta du orain BERRIA-k. Ez du misterio handirik, nahikoa da gurea aintzat hartzea eta duintasunez tratatzea. Hori bezain erraza da, nahi izanez gero.

EITB sortu zenetik 30 urtera, «euskal kulturaren funtsezko osagaien errespetua» eskatzen duen agiria izango dute mahai gainean gaur euskal irrati eta telebista publikoaren administrazio kontseiluko kideek. Sautrela kenduko zutela jakin zenetik ETBren inguruan berpiztu den eztabaidaren harira iritsi da Bost Puntu izeneko agiria haien eskuetara. Gezurra dirudi, begien bistakoa dena, euskal kulturari zor zaion errespetua gordetzea, aldarrikatzen ibili behar izatea oraindik. Baina ETBrekiko kexa aspaldikoa izanagatik, indar berria hartu du azkenaldian. Orain gutxiko pare bat adibide: Fermin Muguruzak «kakaren pareko» tratatzea leporatu zion Alberto Suriori, Next Music Station dokumental sorta emititzeko egin zion proposamenari erantzuteko lana ere hartu ez duelako; eta Andoni Egañak berripaper honetan bertan azaldu zuen zergatik eman zion ezezkoa ETB2ko sukaldaritza saio berri batera joateko eskaerari. «Txoritzarrez tximetaraino nago (…). Gure leiho horretan bistaratzen diren aurpegiak ez dira guk ikusi nahi genituzkeen Andu, Benito, Ferminenak… urteak daramatzatelako tratamendu duinik eman gabe jardunari eta patrikari. Musu truk lerdoarena egiteko ez baitago inor prest».

Hain zuzen, Hitzetik hortzera eta Sautrela zena kenduta, ETBk kulturaren jendea bistaratu duen bakanetan haien langintzarekin zerikusirik ez duten entretenimenduzko saioetan aritzeko izan da. Inoiz gutxitan beren sorkuntzaz patxadaz eta sakontasunez hitz egiteko. Entretenitzeko nahi ditu ETBk sortzaileak. Eta hortik datozkio, nire ustez, hainbat saiotara gonbidatuak eramateko zailtasunak, horrek azaltzen du Ai ama! saioak halabeharrez hartu duen jarrera endogamikoa eta izan duen bide laburra. Izan ere, kulturari ia tarterik eskaintzen ez dion telebista batek zer zilegitasun dauka sortzaile bat kulturarekin zerikusirik ez duen saio batera gonbidatzeko?

Bagenekien kulturgileek arazo bat dutela ETBrekin. Orain, sortzaileak eurak arazo bihurtzen hasi dira ETBrentzat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.