Maria Obelleiro.
Analisia

Abertzaletasuna zutik

2020ko uztailaren 13a
14:09
Entzun

Galiziako hauteskundeek berretsi dute Bloke Nazionalista Galiziarra alternatiba gisa botoak egiteko makina den Alderdi Popularraren aurrean. Alderdi Popularrak, gogoan izan, hedabide handi guztien babes eta ikusgaitasuna izan du alde, baita progresia espainiarraren ahotsena ere. Azken horiek Alberto Núñez Feixoo Pablo Casadoren aurpegi antagoniko gisara aurkeztu dute, PP beraren ordezkari izan arren, zeren Casado Voxekin itunak egiteko prest baitago -•Espainiako erkidego batzuetan gertatu bezala- eta ultraespainolistekin batera manifestatu baitzen Madrilgo Kolon plazan (milaka galego osasun publikoaren alde Santiago bete eta biharamunean).

Feixooren gehiengo osoa segurutzat jotzen zen. Halaxe adierazten zuten, bederen, inkesta guztiek, baina BNGren igoeraren tamaina sumatu ez. Ekina izatea da fronte abertzalearen ezaugarrietako bat. Ana Pontonen eta haren taldearen eskutik historia egin du. Potonen buruzagitza nabarmentzen zuten mezuak eraginkorrak izan dira, ilusioa, esperantza eta harrotasuna kutsatzeko gai izan baitira, eta GZ markaz baliatu dira, gogoberotasunaren kanpaina sinatu zuten sortzaileen bidez.

Pontonen olatuak gazte-jende asko erakarri du, eta hori BNGren izozmendiaren muturra besterik ez da, militanteak -alderdiaren aktibo nagusia- lan eta lan aritu dira azken urteetan indarrez berragertzeko eta proiektu nazional baten inguruan 300.000 lagun baino gehiago elkartzeko.

Ponton efektuak erakusten du gidaritza femenino eta feministako garai bat dela gurea, betiere ikuspegi nazionaletik. Ziklo aldaketa hau uztailaren 12an hasi da, eta BNG abiatzeko leku ezin hobean dago Feixooren gobernurako alternatiba erreal bat eraikitzeko.

Atzoko egunak utzitako beste interpretazio bat ultraespainolismoaren ingurukoa da. Galizia eskuin muturrari eusteko horma bat da. Izan ere, Galiziako kanpainan apustu handia egin eta hedabide nagusietan neurriz gaindiko presentzia eduki arren, ez du bat ere ordezkaririk lortu. Uztailaren 12ak baiesten du, orobat, En Marearen jiran sorturiko proiektuaren heriotza, 14 eserleku edukitzetik bat ere ez edukitzera igaro baita.

Orain ahalegindu beharrean gaude herrialderako gobernu sendo bat eratzeko, berea defendatuko duena, Galiziaren ahaletan sinetsiko duena eta galegoen interesen alde jardungo duena. Oraindik ere historia asko dago idazteko.

Maria Obelleiro Nós Diario-ko zuzendaria da

* Iñigo Roquek itzulia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.