martxelo otamendi
Hauteskundeak Venezuelan. Analisia

Asko dago jokoan

2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Inoiz baino errazen eta inoiz baino zailen daukate, gaur, U-7, Hugo Chavezen arerioek gobernuan 14 urte egiten dituen buruzagia lehendakari ohien galeriara bidaltzeko.

Erraz, inoiz ez delako oposizioa eskaintza bateratuarekin aurkeztu, gaur bezala. Orain artekoetan zatituta, elkarren artean borrokan eta Chavezekiko lehian jardun dute; lan handiegia herritar askorengan halako pasioa sortzen duen hautagaiari irabazteko. Ezintasun horren jakitun, umildade ariketa baten ondorioz adostu zuten Chavezen aurkakoek hautagai bakar eta bateratuarekin aurkeztea. Aurtengo otsailean oposizioko alderdien arteko primarioak egin zituzten, eta Primero Justicia alderdiko Henrique Caprilesek irabazi zituen, botoen %60rekin. Geroztik kanpaina bateratua egin dute Caprilesen alde, eta oposizioko alderdien Batasun Demokratikoaren Mahaia (MUD) sortu. Itxuraz moderatua, politika garrantzitsuan goiz sartua, Venezuelako Parlamentuko lehendakaria izan zen 26 urterekin; eta ondoren Miranda estatuko gobernadorea (2009-2012), Chavezen aldeko hautagaiari aise irabazita. Oposizioaren azken aukera da, suizidio kolektiboaren aurretik: edo orain, denak elkarrekin eta hautagai presentable batekin, edo inoiz ez. Caprilesek bakarrik ken diezazkioke Chavezi muga arteko boto emaileak, urteetan Chavezekin egin diren klase ertainak eta profesionalak, eta orain, desafekzio prozesu baten ondorioz, Chavezekin segitu nahi ez dutenak.

Profil lasai eta ez-istilutsua aurkezten duen hautagaiari bakarrik eman diezaioke herritar mota horrek botoa, eta hori da Caprilesen estrategia: errefusik ez sortzea, balantza bere alde oker dezaketenak eskuratzeko. Trantsizio lasai bat, Felipe Gonzalez eredutzat duen hautagaiak gidatua. Eskuin gogor, mendekati eta finantzarioa atzean dauzka Caprilesek, nahiz ez diren kanpainan agertu. Horien kanpaina bihar hasiko da, haien hautagaiak irabazten badu.

Zail, inoiz ez duelako Chavezek bere burua horren estu ikusi orain bezala. Aurreko hauteskundeetan, aldeak handiagoa ematen zuen Chavezen eta oposizioko hautagai zatituen artean. Orain, oposizio guztia Caprilesen inguruan bildu izanak behartu egin du Chavezen taldea kanpaina sendoago eta indartsuago egitera. Kanpainako azken astean, seguruago daude Chavez zaleak garaipena haiena izango dela; baina ez dute, hala ere, intentsitatea jaitsi. Orain arte lortutakoa gal litekeen beldurrak herritar asko eramango ditu gaur bozkalekuetara, eta Caprilesi garaipena asko garestitu zaio. Gainera, aurrekoetan baino gehiago posible bada, erabat Chavezen inguruan izanda kanpaina, Chavezek berak bere izena askotan aipatzeraino. «Nork irabaziko ditu bozak igandean?», galdetu zien ostegunean jarraitzaile igerilariei; «Chavezek, noski», Chavezen beraren erantzuna. Asko azpimarratu du Chavezek kanpainaren azken egunotan boto guztien eta bakoitzaren garrantzia. Estu ibili dira, konfiantza handiagoa daukate, baina ez dute lasaitu nahi.

Nazioarteko transzendentzia daukate gaurko hauteskundeek, Hegoamerikan batik bat. Azken urteotan kontinentean izan diren aldaketa politikoen bidegilea izan da Chavez; haren garaipenaren ondoren, eta ondorioz, gertatu zirelako aldaketak Nikaraguan, Ekuadorren, Bolivian... Herritarrengandik orain arte baino dexente gertuago dauden gobernu alternatibo horien inspiratzaile —eta finantzatzaile— da Chavez, eta hark darabilen eredua.

Asko dago jokoan gaur Venezuelan. Aurreko gobernuek hamarkadetako marginalitatean baztertuta zeukaten herritarren gehiengoari aurpegira begiratu, eta, aurreneko aldiz, duintasunez bizitzeko zer behar duen galdetu dion gobernu eredu bat dago jokoan, akatsak akats. Berdintasun politikak, marginalitatearen aurkakoak, elikadura programak, hezkuntza eskubideak... hori eta gehiago dago jokoan.

Seguruena Chavezek irabaziko du, baina Caprilesek irabazten badu ezin izango ditu Chavezen aurreko gobernuek egiten zituzten politika elitistak egin. Hori irabazita daukate venezuelarrek.

Bi hautagai nagusi gaur: Chavez eta Capriles. Chavezen alde haren alderdi PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batua, eta beste 11 alderdi. Caprilesen alde, haren alderdi Primero Justicia, eta beste 17. Beste bederatzi hautagai ere badaude, pisu gabekoak.

Bozketa sistema elektronikoa da Venezuela osoan, pantaila digital batean klikatzen baitu botoemaileak. Hortaz, dena ondo joanez gero, goiz samar kaleratuko dituzte emaitzak. Bozketa lekuak 18:00etan itxiko dituzte, ilaran inor ez badago. Ilaran inor badago, azkenak bozkatu arte ezin izango da itxi bozkalekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.