Bukatu da isilik egoteko garaia, edo galdera zehatzei «auskalo» batekin erantzutekoa. Jada ez du balio PSOEren gobernua higatzearren hark —merkatuek eta Europak behartuta— hartu dituen erreforma guztiak salatzea, nahiz eta funtsean haiekin ados egon. Bukatu da PPk Proletarioen Partidua zirudien garaia; nahi zuen baino gutxiago baina agintzeko garaia dator, eta, iragarritako asmoei helduz gero, PPk Patronalaren Partiduaren itxura handiagoa hartuko du. Enplegua da —edo haren ifrentzua, langabezia— PP agintera hainbesteko nagusitasunez itzuli izanaren arrazoia, eta enpresaburuen errezeta liburutik hartutakoak dira enplegua sortzeko PPk proposatzen dituen neurriak.
Bere hauteskunde programaren hasiera-hasieran dio PPk lehentasuna lan erreforma «integral» bat egitea dela, «bost milioi langabe dituen herrialde baten drama sozialari erantzuteko». Lan kontratuak «sinplifikatuko» ditu behin-behinekotasuna txikitzeko eta «enpresa eta langile guztiei egonkortasuna, malgutasuna eta segurtasuna emateko». Euskara garbian, kaleratzeagatik kalte-ordain txikia duen kontratu bakarra zabalduko duela, ea horrela enpresaburuak langileak kontratatzera animatzen diren.
Erreforma horren bigarren zutabea negoziazio kolektiboaren eta lan harremanen erreforma da. Funtsean, enpresei aukera eman nahi die sektorekako itunak alde batera utzi eta lantegiz lantegi negoziatzeko. Sindikatuen boterea gutxituko du horrek, eta enpresaburuena handitu, enpresa txikietan batik bat.
Gauzak ongi doazenean zaila izango litzateke halako erreformak egitea, baina orain nahiko erraza du PPk. Bost milioi langabe egoteak edozer saiatzeko justifikazioa ematen dio. Berdin da azken hogei urteko lan merkatuaren malgutzeek ezer gutxi erdietsi badute: langabezia %20tik gorakoa zen orduan, eta halakoxea da orain, baina langile prekario gehiagorekin. Merkelen eta Europaren exijentzia dela esatea, eta arrisku saria aipatze hutsa nahikoa izango da erreforma saltzeko. Hedabideetan eta ekonomisten artean ez zaizkio txaloak faltako. Lau urte ditu bere esperimentuaren arrakasta ikusteko, eta epe horretan asko alda daitezke gauzak, ekonomiaren haizea alde jartzea barne.
Kalean erantzuna izango du, bai, baina ez dio Raxoiri askorik axola, kostatuko baitzaio ezkerraren zati bati aurretik bultzatu dituen neurriak salatzen hastea. Kongresuan, berriz, lasai: Berlusconiri edo Papandreuri ez bezala, diputatuak ez zaizkio matxinatuko. Inor Raxoiren aulkia mugitzekotan, merkatu ahaltsuek eta Merkozy-ren inguruan sortzen ari den Frankfurteko direktorioak egingo dute. Horiei eskatu die «ordu erdi bat baino gehiago» gauzak egiteko, baina badaki denbora handirik ez duela. Austeritate handia agindu die: 2012 bukaeran defizita %4,4an uztea da xede nagusia, eta horretarako gastu guztiak mozteko prest azaldu da. Salbuespen bakarra pentsioak dira. Neurri horiek eta hazkundea nola uztartuko dituen misterio bat da.
Eskubide kontuan ere izango da aldaketarik, baina Zapateroren garaiko aurrerapen guztiak ezeztatzeko adina ez. Manifestazio askotan izan dira PPko buruak homosexualen ezkontza edo abortua legeztatzearen aurka oihuka. Orain, PSOEri aurka egitearren elikatu duen eskuin muturreko presio horri aurre egin beharko dio Raxoik. Ez da presio txikia izango, Zapatero ez dagoenez harriak beste norbaiti bota beharko dizkietelako leizeetako gizon-emakumeek.
PPren programak ez dio ezer homosexualen ezkontzari buruz. Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitearen zain dago ezer egiteko. Baina eremu labainkorra da hori PPren barruan ere, gehiengo batek naturaltasun osoz ikusten duelako norberaren aukera sexualaren araberako bereizketarik ez egitea.
Abortuaz, «bizitzeko eskubidearen babesa indartuko» duela dio PPren programak. Esaldi zehaztugabe horren atzean dagoen neurri esanguratsuena da 16 eta 17 urteko neskei abortatzeko gurasoen baimena eskatu behar izatea. Hortik aurrera ezer egiteak PSOEren boto-emaileak esnatzeko atea irekitzen dio, ezer lortu gabe: abortatu nahi duenak abortatuko du. Eta gai horretan, nik dakidala behintzat, Merkelek ez du zeresan handirik.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia
'Auskalo' gutxi aurrerantzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu