urtzirrutikoetxea
Leku-lekutan

Azerbaijanen izena

2012ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Leku txikia hartu zuen BERRIAn; gainontzeko egunkarietan ikusi ere ez dut egin albistea. Azerbaijanek estatuaren izena aldatuko du! Karlos Zurutuzak (zorionak Argia sariagatik!) eta biok sarri egiten dugu txantxa horrelakoekin: Bilboko kaleetan ez dago beste gairik, Athletic eta Azerbaijanek izena aldatzea. Eta zein izen jarriko diote estatuari? Ez da munduko originalena, baina aski esanguratsua bai: Azerbaijango errepublikaren ordez Ipar Azerbaijango Errepublika deitzea proposatu dute Parlamentuan. Eta Ipar Azerbaijan badago, Hego Azerbaijan ere badagoen seinale, ezta?

Ali eta Nino duela ehun urte Kurban Saidek, Bakuko idazle juduak alemanez idatzitako eleberri zoragarria da. Liburua hiriko eskola batean hasten da, Errusiatik bidalitako irakaslearen lezioarekin. «Iparrean, Hegoan eta Mendebaldean Europa itsasoz inguratuta dago [...] Europako ekialdeko muga Errusiako Inperioko Ural mendien luzeran doa, Kaspio itsasoan zehar eta Transkaukasian barna. Hemen zientziak ez du azken hitza esan. Zenbait adituk diote Kaukaso mendien hegoaldera dagoen eskualdea Asiari dagokiola; beste batzuek, berriz, uste dute Transkaukasiako kultur garapenari begira batez ere eskualde hau ere Europa zati gisa ikusi behar dela. Zuen jarreraren arabera izango da beraz, nire umeak, gure hiriak Europa aurreratuaren ala Asia atzeratuaren zati behar lukeen». Ikasle ia guztiak azerbaijandarrak dira (liburuan tartariar deitzen ditu, turkiar jatorrikoak, funtsean), eta pozarren aldarrikatzen dute asiartasuna.

Joko geoestrategikoen bilgune horiek bereziak izan dira historikoki. Izenaren auzia Balkanetan ere aski garrantzitsua da: Greziak behin eta berriz ezarri dio betoa Mazedoniari, muga heleniarren baitan izen bereko eskualdea dagoelako. Azerbaijandar «nortasuna» legez, aski berria da mazedoniarra ere. Albin Kurti albaniar abertzaleak ziostan «Titok sorturiko sasi-nazioa» zirela mazedoniarrak, hizkuntzaz ere bulgarieratik nekez baitute desberdintasunik. Baina Greziak badaki bere Mazedonia XX. mendean konkistaturiko eslaviar lurraldea dela, duela ehun urteko mapek ageri dutela Balkanetako entsaladan ez zegoela greziarrik Mazedonian, eta bai eslaviarrak, turkiarrak, albaniarrak eta istorio guztietako galtzaile diren aromunio etniako latinoak. Gero etorri zen Grezia eta Turkiaren state-building bortitza: Asia Txikiko biztanleria trukatzea (garbiketa etnikoa, alegia), iparraldeko lurrak Asiako greziarrez populatzea eta, II. Mundu Gerraren ondoren gerra zibilean komunistak garaituta, milaka mazedoniar Jugoslaviara kanporatzea.

Azerbaijanek badauka motibo indartsurik izen aldaketarako: Iranen menpe dagoen Hego-Azerbaijanen bizi dira hiru azerbaijandarretik bi. Luzaro egon dira bereizita, oso inperio ezberdinetan: iparrekoak, erresuma kristau ortodoxoan lehendabizi eta komunista ateoan gero; hegoaldekoak, britainiarren eta gero estatubatuarren txotxongilo zen estatuan aurrena eta errepublika islamiarrean gero. Pertsiar gehiengoaren ondoren, Irango gutxiengo nagusia dira azerbaijandarrak, biztanleen ia laurdena. Musulman xiitak izanik, gainera, ondo egokitu dira errepublika islamiarrean, kurdu edo balutxe suniten aurkako errepresioarekin alderatuta. Mir-Hussein Musavi oposizioko burua bera (egun atxilotua, baina lehen ministro izana) azerbaijandarra da.

Iparreko azerbaijandarrak ere xiitak dira. Baina ahaidetasun behinena Turkiarekin daukate, bien arteko Armenia estu hartzeko (Karabakh Garaiko gerratik Azerbaijanek ez du lurraldearen ehuneko hogei kontrolatzen). Eta, bide horretatik, Israelekin eta Estatu Batuekin ere lotura sendoa dauka. Baita Europarekin ere: gas eta petrolioa hornitzearen truke ezikusi egiten dio alievtarren autoritarismoari. Aliev aita-semeak egon dira boterean 1991ko independentziaz geroztik.

Urteetan ahaztutako hegoaldeko azerbaijandarrei begira hasi dira orain. Detailea izan liteke, baina Iranerantz gertatzen diren oso gauza gutxik dirudite orain bertan kasualitate. Gerra noiz izango denentz baino gehiago, noiz izango den, horixe jakin-min bakarra askorentzat. Egunotan izan da uda gerra sasoia izaten dela dioen aditurik. Leon Panettak (Obamaren defentsa idazkaria, ez ahaztu) udaberria ere aipatu du. Obamak bozak maldan gora balitu batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.