Astebete luze bai lehendabiziko aldiz Sandy komunikabideetan entzun genuela. «Ez dago oraindik esaterik zein norabide hartuko duen, baina adi jarraitu beharko dugu bere ibilia»,zioten New Yorkeko eguraldi aditu eta telebista aurkezle famatuenek. Eta handik astebetera, Karibean tristura eta negarra utzi ostean, Sandy ezagutu eta sentitzeko aukera izan dugu! Eta nola alajaina!
Bederatzigarren etorbidea eta58. kalearen ondoan dagoen MortonWilliams supermerkatura igande goizean sartu, eta berehala konturatu zitekeen edonor, hura ez zela betiko jai eguna.Jende ilara amaigabeak barruan, eta apaletatik janaria hartzeko arazoak:ilarako jendeak oztopatzen zuelako ezer hartzea, edo dagoeneko agortua zegoelako: ura, pilak, ogia, garagardoak, litxarreria, patata frijituak eta hainbat produktu aurkitzea ederki kostatzen zen.
Ordu batzuk lehenago pasa zuen Andrew Cuomo New Yorkeko gobernadoreak abisua: Sandy izeneko urakana hona dator. Atzetik Michael Bloomberg alkateak, neurrien berri eman zuen: «metroa itxiko dugu, eta arrisku guneak aztertu ondorenean, herritarrek zein lekuetatik alde egin beharko duten esango dizuegu».Atlantikoaren urak laztantzen dituzten auzoak etaHudson edo East ibaiek uholdeak eragin zitzaketen lekuak izan dira ebakuatutako auzuneetako batzuk.
Eta ordurako, hor zebilen sentipena:«Hau guztia ezaguna egiten zait».
Chase bankutik sms mezua: «urakanaren eraginez egun bateko atzerapena emango dizuegubihar egin beharreko zuen ordainketetan».Estimatzekoa bankuaren borondate ona!
Igande arratsaldeko 19:00etan metro irteera eta sarrerak itxi zituzten. Hori ez da botoiari on edo off emanez egiten:zortzi ordutik gora behar izan zituzten New Yorkeko metro zerbitzu guztia behar bezala geratzeko.Horrekin batera, hiria itzaltzen joan zen, jendea etxeetan sartzen eta kaleak husten.
Astelehen goizean, New Yorkera etorritako turistak ikus zitezkeen kaleetan barrena, irekita zeuden jatetxe eta denda gutxietara sartu irtena eginez. Noraezean bezala, nora jo ez zekitela, munduko puntu askotako milaka bisitari. Hiri fantasma bihurtzeko zorian zegoen New York. Eta hori arratsaldeko 18:00etatik aurrera gertatu zen. Baina aurretik, hondar zaku eta oholekin prestatu egin zen.
Sandyren laztan leunak etorri ziren lehendabizi. Gero eta zakarragoak atzetik.Zuhaitzen etengabeko dantza, hostoen zorabioa, eta iluntasuna, dena bat. Haizearen txistu hotsa, zenbait momentutan ikusgarria. Halloween bezperatan, beldurgarria ere bai. Eta euria. Sandyk berekin ekarri baitu busti aldia. Atlantikoko urei bultza egiteaz gain, Hudson eta East ibaiak mugitu ditu. Lur barrura mugitu ere. Eta talka horretan geratu dira milioika lagun argirik gabe, metro bideak ureztaturik, autoz auzo batetik bestera joateko tunelak pasa ezinda, eta kaleak ibai bihurtuta.
Argi indarra zeukaten herritarrek, telebista bidez unean uneko egoeraz jabetzen.Irratia milioika askoren lagun. Eta hor agertu zen Bloomberg alkatea gaueko 10:30 aldera prentsaurrekoan: «Mesedez, beharrezkoa ez bada ez deitu 911 larrialdi zenbakira». 20.000 deitik gora ari ziren jasotzen ordubetean. «Ez atera etxetik. Eta ez hartu autorik», esanez bukatu zuen agerraldia.
Argazki bat herritar askoren buruan iltzaturik geratu dena:NYU Langone Hospitaleko atarian 30en bat anbulantzia, argirik gabe geratu zen erietxetik gaixoak atera eta hirian barrena beste lekuetara eramaten.Adin guztietakoak. Umeak ere bai. Jaio berriak tartean. Bost erizain mundura etorri berri ziren, eta beharra zutenei eskuz haizea emanez.
Bitartean,76 aterpetxeetan jendea zain. Batzuk, egunero bezala, nora joan ez daukatelako. Besteak, egun horretan, etxetik atera arazi zituztelako. Begira Sandyk zein mota desberdinetako jendea toki berean elkartzea lortu duen.Denei gauza bakarra geratzen zitzaien egiteko:zain geratu eta ahal izanez gero lo pixka bat egin.
Egunaargitzearekin batera gauzak garbiago geratu dira, batez ere Sandyk bere pasaeran utzitako kaltea geratu da agerian.Hudson eta East ibaietako urek egindako bidea nabarmena da Manhattaneko behe aldean.Soto, atari etaparke asko ureztaturik oraindik. Beherago, New Yorkeko zainak diren metro lineak ere urak harrapaturik.Eta ahalik eta toki gehienetan, suhiltzaileak ura handi atera nahian.
Zer suma, hainbat herritar atera dira kalera. Goiztiarrenak txakurrak paseatzera. Atzetik,beraien begiz egoera ikusi nahi zutenak eta turistak. Etxerik gabekoek aterpetxeetatik kalera egin dute berriro, baina gaur beraien egoeran geratu diren gehiago dituzte inguruan.Jendea serio dago. Beraien jabetzak nola geratu diren jakin nahi dute.Jakin baino gehiago, ikusi. Baina askok ordu batzuk itxaron beharko dituzte hori egiteko.
Errepideak huts antzera egon dira. Suhiltzaile, polizia eta anbulantziekin batera, auto gutxi eta taxiak dabiltza. Baina hain New Yorkekoak diren sirena soinu eta suhiltzaile kamioien bozinak etenik gabe entzun litezke norberaren etxe paretik pasatzean. NYPD-ko autoek (poliziak), orduak daramatzate beraienargiak itzali ere egin gabe.
Umel dago, euria ari du, eta zuhaitzek bezperan baino hosto gutxiago dituzte. Antzematen da zerbaitek astindu dituela, eta ondo astindu gainera. Garbitzaileen kamioak batera eta bestera dabiltza aurkitu dezaketena jasotzen. Eta Manhattango hainbat etxetako langile eta atezainak,adarrak eta hostoak garbitzen.
Ur putzuak edonon daude. Baina umeen pare, haietan pisti-plasta eginezkorrika pasa da bat. Galtza motzetan. Eta atzetik bestea. Entrenamendurik ezin da galdu, iganderako iragarrita dagoen maratoirako (ikusiegin beharko da aldaketarik baden egiteko erabakian).
Hiria, asteartez, poliki, esnatzen joan da, eta benetan gertatu denaz konturatzen. Telebistaz, internetez edo irratiz kontatutakoa benetakoa dela jabetzeko momentua da.Ezaguna egiten zaio egoera hau New Yorkeko biztanleari, beste noizbait bizi izan bagenu bezala. Eta ez du arrazoi faltarik.Dejavu baten modukoa izan da. Begiak zabaldu eta errealitateaz jabetzean, ordea, ordukoaIrene izenarekin etorri zela jabetzen da norbera.Eta oraingoa Sandy izan da, eta aurrekoak baino gogorrago, krudelago jo du hiria.
«Egun historikoa izan da»,esan dute askok.Eta, «ni, New Yorken nintzen hori gertatu zenean», kontatuko dute hemendik aurrera.Halako dejavu-rik ez sentitzea desiratu arren, argi dago, naturaren indarraren erakustaldi gehiago ere etorriko direla. Gizakiak egin ahal izango duen gauza bakarra, babestea etaizen berri bat aukeratzea izango da.
AEBak. 'Sandy' urakana. East-etik
'Déjà vu'-ak Sandy izena du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu