Londresko istiluek etsipenaren arrastoa utzi dute bertako kaleetan. Zaila da indarkeria mota hori defendatzen, baina erraza haren sustraiak ulertzen. Istiluek oinarri politikorik ez dutela diote batzuek, nihilismo hutsa direla. Neurri batean hala da, baina hori ondorioa da, ez kausa. Kausa auzo pobreetako gazte zuri eta beltzak elkartzen dituen zerbait da: esperantzarik eza, pobrezia kontsumo gizartean. Hezkuntza sistema publikoa gero eta eskasagoa da Ingalaterran; langabeziaren mamua hor dago; laguntza sozialak murrizten ari dira. Laguntza horiekin gazteek Tesco edo Sainsbury's supermerkatuetan jatekoa erosteko beste diru dute, baina diru hori ez da nahikoa kontsumo gizartean herritar sentitzeko.
Londres, Birmingham, Manchester… Etsipenaren geografia porrot politikoaren mapan. Lekukoen arabera, saltokiak txikitu dituzten gazteek ez dute jatekorik lapurtu, markako arropa baizik. Kontsumo gosea. Gure sistemak piztu du gose hori, eta orain ez da hura asetzeko gai. Matxinatuetako askok gaizkile moduan jokatu arren, istiluek sustrai politikoak dituzte, gizarte mota guztiak erabaki politiko, ekonomiko eta sozialen bidez osatu eta egituratzen direlako.
Arrazoi horiei beste bi faktore sozial gehitu behar zaizkie, oso espezifikoak, ezertan laguntzen ez dutenak: Ingalaterrako familia egitura eta gizartearen ezaugarriak. Han familia ez da koltxoi afektibo eta ekonomikoa, ez hemengo moduan behintzat. Gurean, semea edo alaba amatxoren etxera azaltzen da edozein egunetan, abisatu gabe, eta amatxok otordu ederra prestatzen dio poz-pozik. Ingalaterran, behin egingo du hori. Hurrengoan aldez aurretik telefonoz deitzeko esango dio amak, eta orduan berak erabakiko du. Konparazioa gehiegizkoa da, baina ez dago errealitatetik oso urrun. Horrekin batera, beste faktore bat: Ingalaterra Mendebaldeko gizarte klasistenetakoa da. Nahiz eta loteria irabazi, pobrea bazara, beti izango zara pobrea betiko aberatsen begietan. Oso zaila da maila sozialetik igotzea. Kolonia ohietatik bertara doazen herritarrek —Australia edo Zelanda Berrikoek, esaterako— onartzen dizute hori. Zuriek hori badiote, zer ez dute esango Tottenhameko gazte beltzek? Zer ez dute egingo poliziak haietako bat tiroz hiltzen badu?
Harold McMillan kontserbadorearen agintaldian lehenik, eta Harold Wilson laboristaren garaietan gero, Afrika, Asia eta Karibetik joandakoen ondorengoek baztertuta ikusten dute euren burua Ingalaterran. 60ko eta 70eko urteetan desberdintasunak zeuden, baina aldi berean estatuaren babes sozial handia zegoen egoera hori samurtzeko, Thatcher heldu arte. Ez zen Ludwig Erhardek Alemanian garatutako merkatu ekonomia soziala, baina funtzionatu egiten zuen. Orain hori guztia desagertzen ari da; merkatu ekonomia basatia dago. «Langabeziak piztu zuen nire kontzientzia politikoa», aitortu zuen Harold Wilsonek behin, txikitan etxean bizitakoa gogoan. Nork esan du langabezia, bazterketa eta etsipena ez direla politikoak.
Erresuma Batua. Protestak. Analisia
Etsipenaren geografia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu