Bakearen Nobel saria. Analisia

Gora (hango) emakumeen borroka

Idurre Eskisabel Larrañaga.
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Mundu guztiko komunikabideetan dago: emakumeen borroka saritu du Bakearen Nobel Batzordeak. Edo, zehatzago, Ellen Johnson-Sirleaf, Leymah Gbowee eta Tauakkul Karman, bakegintzan, giza eskubideen eta, bereziki, emakumeen eskubideen babesean nabarmendu diren hiru emakume.

Liberiakoak dira Johnson-Sirleaf eta Gbowee. Areago, Liberiako presidentea da 2005etik Johnson-Sirleaf, eta aitortzen zaiona erlijio eta etnia borrokek, agintari odoltsuek eta Mendebaldearen interesek elikatutako segidaren segidako gerra zibilek txikitutako herrialdea oneratzeko bidean jartzea. Izango da haren atzean AEBen babesa zein Munduko Bankuan lan egin izana orban gisa ikusiko duenik, baina haren meritua da, adibidez, oinarrizko hezkuntza, doakoa eta derrigorrezkoa indarrean jartzea.

Baina Johnson-Sirleafen lana ez litzateke posible izango Leyma Gboweek bere egin izan ez balu. Gizarte langile hori izan zenLiberian gerraren kontra emakumeen mugimendua abiatu eta hara bildutako beste andreekin urteetako suntsipena gerarazi zuena. Ekintza ausarten bidez lortu zuten helburua: esate baterako, gerrari uzten ez zioten bitartean gizonekin sexu harremanak izateari uko eginez eta Charles Taylor garai hartako presidentea eta aurkariak batzartuta zeuden egoitzako irteerak trabatuz. Bake hitzarmenik lortu arte ez zietela ateratzen utziko egin zieten mehatxu.

Tauakkul Karman da hirugarrena, Yemengoa. Giza eskubideen alde eta, bereziki, adierazpen askatasunaren alde nabarmendu da, Ali Abdula Saleren erregimenaren aurka lehertu den erreboltan. Alegia, udaberri arabiarraren emakume ahotsetako bat da.

Baina bakoitzaren meritu zehatzen gainetik, emakumeen aldeko borrokagatik saritu dituzte. «Munduan ez dira demokrazia eta bake iraunkorra iritsiko emakumeek gizarte garapenean eragiteko gizonek adinako aukera lortzen ez duten bitartean», azpimarratu du Nobel Batzordeak aurtengo saria argudiatzerakoan. Eta, askotan gertatzen zaionaz bestera, oraingoan txaloak bildu ditu, han eta hemen, agintari eta erakunde handienak zein norbanako eta elkarte txikienak.

Baina kasu: kasualitatea oraingoan ere emakumeen borroka goraipatzen hasi eta gainerakoan mendebaldezentrista samarrak izan ohi diren Nobel sariak Afrika zein Arabiako Penintsulako eremu agorretaraino bidaiatzea. Han baitaude emakumeak baztertuta: disimulurik gabe jipoitzen eta menderatzen dituzte; areago, zapiekin estaltzen dituzte eta klitoria ebakitzen diete. Zibilizatu gabeko herrialdeetako arazoa da emakumeen zapalkuntza, eta gure egitekoa da zibilizatzea.

Gurean, ordea, berdintasunean bizi gara, botoa eman dezakegu, hauta gaitzakete, etxetik kanpora lan egin eta unibertsitatera joan. Ez dio axola pobreziak andrazko aurpegia izatea; edo Frantziako Estatu ilustratuan genero indarkeriaren gisako oinarrizko kontzeptuak onartzeko zailtasunak izatea —ahantz dezagun DSK—; edo Espainiakoan epaile batek senarraren heriotza mehatxua txantxatzat hartzea; edo gurean festan berdintasunez parte hartu nahi dutenak Ertzaintzaren bidez zigortzea. Detaileak dira; gu zibilizatuok berdintasunean bizi gara.

Hala ere, gora Ellen Johnson-Sirleaf, Leyma Gbowee eta Tauakkul Karman; gora (hango eta hemengo) emakumeen borroka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.