Luzea egiten ari zaio martxoa Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari. Bata bestearen atzetik hiru ohar jaso ditu, zein baino zein ozenagoa: euroguneko beste gobernuena hilaren 13an, Andaluziako eta Asturiasko herritarrena joan den asteburuan eta greba orokorrarekin bat egin zuten milioika herritarrena atzo. EBko bazkideek esan zioten defizitaren murrizketan aldebakarreko erabakirik ez dutela onartuko; erabateko austeritateak ondorio ekonomikoak ez ezik politikoak ere izan ditzakeela adierazi zuten andaluziarrek eta asturiarrek; eta langileen eskubideen murrizketa gogorra erantzunik gabe ez dela geratuko, berriz, grebalariek.
Baina hiru mezu horietatik bakarra, Europakoa, entzuten duela erakutsi nahi du Madrilgo gobernuak. Beste lau urterako gehiengo osoa bermatuta edukitzeak herritarren oihuak isilaraziko dizkiola espero du. Bozik gertu ez dagoenez, kalean dute aukera sindikatuek eta herritarrek atzoko oihuari oihartzuna egiteko. Grebaren erantzunak galdutako itxaropenaren zati bat berreskuratzeko balioko die sindikatuei. Eta gobernuak entzungor egin arren, badakite protestek badutela eragina. Badakite grebei buruzko berriek, manifestari haserretuen argazkiek eta sutan dauden zakarrontziei buruzko bideoek kalte egiten dutela, Espainiari buruzko kezka handitzen dutelako hari dirua utzi behar diotenen artean. Eta Espainiako Gobernuak ez du uneotan arreta gehiago bereganatu nahi, nahikoa eta soberan daukalako: merkatuen eta Europako beste gobernuen jomugan dago, lehen lerroan Mario Montiren patxadak Italiari buruzko kezkak apaldu zituenetik. Orain Monti bera da Espainia akusatzen duena, «Europa osoari kezkatzeko arrazoiak» ematen dizkiona.
Horregatik, gaur, gaztelaniaz Soraya Saenz de Santamariak eta Cristobal Montorok «demokraziaren aurrekontu murriztaileenak» aurkezten dituzten bitartean, ingelesez egingo du Luis de Guindosek Bruselan, Espainia de facto esku hartuta daukatenek uler dezaten. Azken finean, inbertsiogileei, Bruselako teknokratei eta Berlin, Paris edo Helsinkiko agintariei sinetsarazi behar diete gai izango direla ezinezkoa dirudiena lortzeko: urtebetean defizita %8,5etik %5,3ra jaistea, gastu murrizketa bortitz horrek —35.000 milioi eurokoa gutxienez— ekonomia are gehiago hondoratzen duen bitartean.
Portzentajeak, zifra handiak eta ziurtasunak entzungo dituzte batzuek; aurten soldata berdinaren truke gehiago lan egin beharko dutela funtzionarioek, beren iraupenerako beharrezkoa duten diru publikorik ez zaiela iritsiko erakundeek edo enpresek, eta zerga eta ziurgabetasun handiagoak herritar guztiek.
Baina Europa justifikazioa ez ezik, aitzakia ere bada. Egia da Bruselatik eta finantza mundutik lan merkatuaren liberalizazioaren mantra behin eta berriro errepikatzen dutela. Egia da neurriak eskatzen direla —eta behar direla—, %23ko langabezia tasarena entzuteak hotzikarak eragiten dizkietelako Espainiari dirua uzten diotenei, edo diru pribatuaren ezean beren altxortegiak zabaldu beharko dituzten estatuei. Baina erreformaren hizki txikia ez du Bruselak idatzi, patronalak edo haren zerbitzura dauden politikoek eta presio taldeek baizik. Ez du Bruselak erabaki enpresak gai izango direla lan hitzarmeneko edukiak ia nahierara aldatzeko, edo erregulazio espedienteek ez dutela administrazioaren baimenik izan beharko, edo ultraktibitatea desagertuko direla... Horiek erabaki guztiz politikoak izan dira; lehiakortasuna irabazteko modurik onena langileen soldatak jaistea dela uste dutenen errezeta da hori.
Greba orokorra. Analisia
Hirugarren oharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu