Marokoko konstituzio berrian 61 aldiz dago idatzita errege hitza, aurrerantzean monarkak sakratu izateari utziko badio ere. «Marokoarrek marokoarrentzat egindako itunean» —Mohamed VI.ak dixit— herria hitza, aldiz, behin baino ez da agertzen. Huskeria bat izan zitekeen horri erreparatzea,ez bada bitxikeria horrek asko duelako sinbolikotik. Erregeak berak izendatutako batzorde batek idatzi du bere neurrira moldatutako ituna, eta, balizko erreformak eginda, demokraziaren bidean urratsak egiten ari denaren itxurak egin ditu, batez ere, lozorroan dagoen gizartearen aurrean eta nazioartearen aurrean; nola edo hala bera sostengatzen duten alderdi politikoen aurrean ez baitauka zertan itxurak egin, autokrazia horren konplize baitira.
Itxura batean, beraz, denak pozik utzi ditu Mohamed VI.ak. Nazioarteko gobernuburu eta estatu buruen zorionak jaso ditu erreferendumaren emaitzak plazaratzean, eta bertako alderdi politikoetako ordezkariak ere arrakastaz mintzatu dira. Hamar eguneko epean estatuaren makineria guztia baliatu du monarkak bere estrategiari zilegitasuna emate aldera, eta, antza denez, mekanismoak funtzionatu du. Hautesleen %98,5ek babestu dute galdeketa, eta parte hartzea %73,46koa izan da.
Horren garaipen irmoak, baina, beti dira susmagarriak, eta honako honetan ere bakar batzuek baino irakurtzen ez duten letra txikiaribegiratzea komeni da. Horrela ohartzen da bat erreferendumean parte hartzeko aurretik izena eman beharra zegoela, eta, beraz, botoa eman dutenak ez direla hautesle erroldan dauden 23 milioi herritarrak, baizik eta hamahiru lagun eskas —13.106.948—. Horietatik gehienak baiezkoaren alde egin dutela sinestea ere inozokeria litzateke, izan ere, ikuskatzailerik gabe egin dute bozketa, eta, orain arteko hauteskunde guztietan gertatu den bezala, oraingoan ere iruzurra egon dela ondoriozta daiteke —hauteslekuak hutsik egon zirela esan dute—. Zuriz eta urdinez bozkatu behar zuten herritarrek, analfabetismoak ez baitie bai edo ez irakurtzeko aukera ematen; beraz, nekez ezagutuko zituzten babestu duten dokumentuaren xehetasunak.
Hori guztia gutxi ez balitz bezala, okupatutako lurralde batean ere egin du galdeketa monarkak. Mendebaldeko Sahara anexionatzeko asmoa ikusi dute sahararrek erreferendumaren atzean, besteak beste, konstituzio berriak, nazioarteko zuzenbidea urratuz, erregeak iragarri zuen erregioen egitasmoan sakontzen duelako. Fronte Polisarioak ohartarazi du «ondorioak» izango dituela horrek, baina aintzat hartuta nazioartea erreferendumaren emaitzak ospatuta okupazioa bermatzen ari dela, ez dirudi epe laburrean egungo estatusa aldatzeko ezer egingo duenik. Europako Batasunak Marokorekin aste honetan bertan urtebetez luzatu duen arrantza akordioari baino ez zaio erreparatu behar hori ondorioztatzeko.
Iraultzaren itxaropena, beraz, otsailetik igandero-igandero protestan ari diren herritarrengan dago. Otsailaren 20ko Mugimenduak boikoterako deia egin zuen, erreformak hutsalak direla salatzeko; erregeak eta haren aparatuak kontrakoa saldu badute ere, aurrerantzean ere botere banaketa ez baita bermatuta egongo. Oposizioak horregatik egin du gaurko deia, emaitza ofizialek esaten dutenaren kontra, badelako erregea sakratua ez dela pentsatzen duenik.
Leku-lekutan
Iganderako zita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu